Iriondok eta Kerejetak irabazi dute Jubenil mailako Txapelketa Macicior eta Barrenetxearen aurka

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 30a, 00:00
Kerejeta pelota jotzen, palista jubenil hernaniarren arteko finalean.

24-30 irabazi zuten Hernanin bertan, igandean, Gipuzkoako txapela, partidu lehiatu batean.  Bi bikote hernaniarrak jaun eta jabe izan dira.

Maddi Iriondo eta Ane Kerejeta dira Gipuzkoako Txapelketako txapeldunak jubenil mailan, igandeko finalean, Enara Macicior eta Alaitz Barrenetxea 24-30 gainditu eta gero. Bi bikote hernaniarrek jokatu zuten finala Hernaniko kiroldegiko frontoian, beraz, txapela Hernanin geratuko zela jakina zen. 

Partidua parekatua izan zen, batez ere hasieran. Irabazleek argi zuten zer egin behar zuten, Macicior pasatzen saiatu ziren hasieratik eta asmatu zuten. Barrenetxeak lan karga haundia izan zuen eta nahiz eta seguru ibili, azkenean ezin izan zuten gorriek partidua aurrera atera. 

Ligaxkan Macicior eta Barrenetxea izan ziren nagusi eta lider amaitu zuten partidurik galdu gabe, baina txapelketako porrot bakarra finalean iritsi zen. Bi bikoteek ezagutzen dute elkar eta nabaritu zen partiduan zehar. Final oso serioa jokatu zuten eta ordu bete pasako partidua izan zen. Ez zuten apenas akatsik egin eta horrek final sendoa eta luzea izatea eragin zuen.

Kerejetak bigarren urtez jarraian irabazi du txapela eta aurten Iriondorekin lortu du garaipena. Joan den urtean txapeldun izan zen Macicior, txapelik gabe gelditu da aurten. 

Aiak, Ataun gainditu zuen ondoren jokatu zen bigarren mailako finalean
Hernaniko frontoian emakumezkoen nagusien bigarren mailako finala ere jokatu zen Aiaren eta Ataunen artean. Aiak erraz irabazi zion Atauni. Nahia Eizmendi eta Garazi Eizmendi ahizpek Amaia Lopez eta Naiara Aldasoro gainditu zituzten nagusitasun osoz. 

Garazi Eizmendi atzelari aiarra lehenengo mailako palista da, eta nabaritu zen finalean. Ataundik jende ugari hurbildu zen Hernanira herrikideak animatzera. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!