Azken astean sartu da arte sorkuntza sustatzeko beka eskatzeko epea

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 28a, 00:00

Udalak urtero 10.000 euroko partida bideratzen du eta aurtengo deialdia izango da arte plastikoak ez diren diziplinei zuzendutakoa.

Arte sorkuntza sustatzeko beka deialdia abenduaren 6ra arte dago zabalik. Herriko artistei sorkuntza eta ekoizpen prozesuetan laguntzeko beka da. Urtero bezala, 10.000 euroko partida bideratuko du Udalak horretara; eta aurtengo deialdia izango da arte plastikoak ez diren diziplinei zuzendutakoa: zinema, ikusentzunezkoak, argazkilaritza, dantza, literatura, musika, antzerkia... 


Izan ere, bi urtetik behin arte plastikoen proiektuak diruz laguntzen ditu Udalak, eta gainerakoetan, bestelako arte adierazpenak.


Aurkeztutako proiektu bakoitzak 6.000 euroko aurrekontua izango du gehienez, zerga guztiak barne hartuta. Horrela, proposamen batek baino gehiagok jaso dezake dirulaguntza, 10.000 euroko diru partida bukatu arte.


Beka deialdira aurkezteko interesa dutenek, Udalaren web orrian daukate informazio guztia eskuragarri (hernani.eus edo kultura.hernani.eus webguneetan); eta baita udaletxean bertan ere, Herritarren Harrera Zerbitzuan.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!