'Euren hautua, euskara', mahai-ingurua bihar, pertsonaia ezagunekin

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 28a, 00:00

Euskara Ari Duk antolatu du Biterin, 19:00etan, Iñaki Artola Maialen Chourraut, Maialen Lujanbio eta Maitane Urbietarekin besteak beste.

Euskara Ari Du-tik kirolean ere euskeraz egin daitekeela adierazi nahi dute. Horretarako eta Kirolean Euskaraz ekimenari indarra emateko, kirol munduarekin lotura duten pertsonaiez osatutako Euren hautua, euskara mahai-ingurua antolatu dute bihar.


Saioa osatuko dute Iñaki Artola pelotariak, Maitane Urbieta kazetariak, Joxe Kurutz Elosegi Hernani Errugbi Elkarteko lehendakariak eta Maialen Chourraut piraguistak. Mahai inguruaren gidaritzapean, gainera, Irati Sarasua kazetaria arituko da; eta, horrez gain, saioa girotze aldera, Maialen Lujanbio bertsolariak ere izango du bere papera. Esandakoa gutxi balitz, beste sorpresa batzuk ere izango direla ere aurreratu dute eta ez nolanahiko sorpresak.


Galderak egin daitezke bertan eta aurretik
Saioaren helburua da «gaztetxoei kirola ere euskeraz egin daitekeela adieraztea». Horretarako, erreferente dituzten kirolari horiek euskerari ematen dioten balioa goraipatuko dute. Mahai-inguruko sarrera doakoa da; baina, aforoa kontrolatzeko, gonbidapenak banatuko dira. Aurretik galderak egiteko aukera egongo da bai euskaraaridu@dobera.eus helbidean edota egunean bertan. Doberako bulegoan edota telefono bidez (943 33 27 99) izango da gonbidapena lortzeko aukera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!