Oroimen historikoari buruzko jardunaldiak asteazkenean hasiko dira

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 28a, 00:00

Burgosko prozesuaren inguruan egingo da erakusketa Biterin.

Gertuko memoria izango dute ardatz, 1960ko hamarkadaren amaiera eta 1970eko hasiera, hain zuzen. 'Burgosko prozesua', '1960-1975 urte bitarteko Hernani' eta 'Apaiz kartzela' dira landuko diren hiru gaiak. 

Azken urteotan egin den moduan, aurten ere Hernaniko Udalak oroimen historikoari buruzko jardunaldiak antolatu ditu. 2021eko abenduaren 1etik 18ra, oroimen historikoa be­rres­kuratuz, aurtengo oroimen jardunaldiek gertuko memoria izango dute ardatz, 1960ko hamarkadaren amaiera eta 1970eko hasiera, hain zuzen. 


Erakusketak irekiko du jardunaldia asteazkenean, abenduaren 1ean. Burgosko prozesua. Frankismoari epaiketa du izena   eta hiru bloke desberdin ditu. Lehenengoan Burgosko prozesuaren testuinguru historikoa islatzen da; bigarrenean, giza eskubideen urraketak eta frankismoak eragindako errepresioa, eta, hirugarrenean, auzipetzean gertatutakoa. Abenduaren 18ra arte egongo da ikusgai Biterin. 

Hiru hitzaldi edo ekitaldi: asteazkenean, abenduaren 9an eta abenduaren 15ean
Erakusketaren irekiera ekitaldia 19:00etan izango da, eta, ondoren, hitzaldia antolatuko da Frankismoa bakarra izan zen. Oposizioa eta errepresio frankista Gipuzkoan (1960-1975) izenburupean. Bertan Aranzadi Zientzia Elkarteko Javi Buces Historian ikerlaria (erakusketaren komisarioa) egongo da, Miguel Castells abokatuarekin.


Hurrengo ekitaldia abenduaren 9an, ostegunean, izango da, Biteri kultur etxean bertan, 19:00etan. Olano funtsako hainbat materialekin, eta prestatutako testuinguru historikoarekin, 1960 – 1975 urte bitarteko Hernani aurkeztuko da; jardunaldi hauetan ardatz diren gaiak erdigunean jarriz. Hizlariak Joxan Goikoetxea (Olano Funtsaren jagolea) eta Txuso Gomez (Udal Artxiboko teknikaria) izango dira.


Azken ekitaldia abenduaren 15ean izango da, hau ere Biterin 19:00etan.  Apaiz kartzela dokumentala proiektatuko da. Dokumentalak Zamorako apaiz espetxean preso zeuden lau apaizek presondegira eginiko bidaia azaltzen du. Gertaera historiko nahiko ezezagun bat berreskuratu nahi duen bidaia. Ahanzturaren aurkako bidaia.


Bukaeran, solasaldi bat antolatu da. Horretan, dokumentalaren egileetako batek gaiaren nondik norakoak azalduko ditu. Gonbidatu bat izango du ondoan, Zamorako kartzelan izandako apaiz euskaldun bat. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!