«Horrelako esperientziak bizitzea oso aberasgarria da bai kirolean, eta baita arlo pertsonalean ere»

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 27a, 00:00

Xabi Azaldegi hernaniarra, Euskadiko Squasheko txapelduna.

Xabi Azaldegi hernaniarrak Euskadiko Squasheko Txapelketa Nagusia irabazi berri du, eta Euskadiko rankingeko lehenengo postuan dago orain. Irungo Lur-Alai klubeko kide da, eta, aipatu duenez, «oso pozik eta motibatuta» dago.

Euskadiko Squash Txapelketa nagusia irabazi berri duzu. Nola bizitu zenuen guztia?

Nahiko txapelketa arraroa izan zen. Pandemia medio, geldirik egon behar izan dugu denbora luzez. Kirol hau instalakuntza itxietan egiten da eta, jende pilaketak saihesteko, hilabete luzez debekatu egin zuten txapelketak jokatzea. Horregatik, 2021eko txapelketa ia guztiak irailetik aurrera izan dira. Eta, noski, txapelketa asko izan direnez, bata bestearen atzetik, jendea lesionatu egin da eta, horrenbestez, batzuk ez zuten aukera izan Euskadikoan aritzeko.

Egoera hori guztia ikusita, izurriteagatik izandako geldialdia eta beste jokalarien lesioen kontua, helburua zen Euskadiko Txapelketan gozatzea eta nire esku zegoen guztia egitea. Esan beharra daukat, gainera, zozketan zortea izan nuela, aurkari zailenak finalerdietaraino ekidin nituelako.

Horrela, beraz, pixkanaka-pixkanaka eta inondik inora espero gabe, finalera heldu nintzen. Oso urduri nengoen; bereziki urduri. Squasheko partiduak hiru jokotara izaten dira, eta horietako bakoitzak 11 tanto ditu. Ba, beno… lehenengo jokoa 11-1 galdu nuen. Gorputza ezin askatu ibili nintzen, guztiz tentsiopean. Baina, bigarren jokorako pentsatu nuen: Xabi, okerrago aritzea ezinezkoa da. Momentu horretan, galtzeko ezer ez nuela ikusita, lasaitu eta puntuak batzen joan nintzen, finala irabaztea lortu nuen arte.

 

Gogor entrenatu al duzu txapelketa honetarako?

Pandemian txapelketarik  izan ez bada ere, topera entrenatzeko aprobetxatu dut. Astean 4 edo 5 aldiz entrenatzeko errutina daukat, eta badirudi fruituak eman dituela.

 

Euskadiko Squasheko Rankingean lehenengo postua betetzen duzu orain.

Bai, tenisean egiten den bezalaxe, squashean ere txapelketa bakoitzak puntuazio zehatza du. Horrela, txapelketa asko jokatzen dituztenek beti izango dute sailkapenean gorago egoteko aukera. Nik orain arteko guztiak jokatzeko aukera izan dut eta Euskadikoa ez ezik, Lur-Alaik antolatutako beste bat ere irabazi nuen. Horregatik, puntu dexente ditudanez, lidergoa izatea lortu dut.

Dena den, rankingeko buru izatea baino, garrantzia haundiagoa ematen diot txapelketak irabazteari; izan ere, horiek ematen dute goran egoteko aukera eta, gainera, partidu bat galduz gero, kalera zoaz, punturik lortu gabe. Hortaz, arreta hor jarri behar da: txapelketetan.

 

Nola izan zenuen kirol honen berri?

Lehen, pelotan aritzen nintzen. Entrenatzaileak aipatu zigun, alde fisikoa lantzeko, nahiko bizia zen kirol bat bazegoela: squasha. Bi aldiz pentsatu gabe, fisikoki hobeto egotea lortuko nuelakoan, entrenamendu batean parte hartzera animatu nintzen. Hala ere, hortxe gelditu zen kontua. Beranduago heldu zen squashean hasteko ideia. Hain justu, ikasketengatik pelota utzi behar izan nuen eta, gerora, erabaki nuen squashean hastea. Eta horrelaxe izan zen: izugarri gustatu zitzaidan eta entrenatzen jarraitu nuen. Hasieran lagunekin Hernanin eta, gero, entrenamendu gehiago egin nahi nituenez, Irungo Klubean hasi nintzen, Lur-Alaien, duela 5 bat urte.

 

Eta, orain, entrenatzen al duzu Hernaniko kiroldegian?

Azkenaldian, gutxi xamar. Baina dagoeneko ezagutzen naute, ordu asko pasa baitut pistan. Gimnasioan bertan dago, eta bertako jendeak ere ezagutzen nau; beti raketarekin eskuan, aurrera eta atzera.

 

Zein ezaugarri ditu squasheko kirolari on batek?

Kirol hau oso exijentea da, eta, beraz, garrantzitsua da fisikoki ondo prestatuta egotea. Ordubeteko partiduak izaten dira eta ez dago apenas atsedenik. Pultsazioak oso altu egoten dira; oso zaila da 180tik jaistea. Horrez gain, teknikoki abila izateak ere laguntzen du, noski. 

 

Zer da kirol honetatik gehien gustuko duzuna?

Gorputza limitera, muturrera, eramaten dugu, eta gustuko dut sentsazio hori. Neke puntu horrek engantxe asko sorrarazten dit. Gainera, kirol honek aukera asko ematen ditu; hiru pareta eta atzeko kristala daudenez, horrek jokoa ematen du nahi beste truko egiteko. Alegia, esperimentatzeko aukera dago eta, horregatik, ez da batere aspergarria. 

Jendeak, normalean, nahiko modu antzekoan eta klasikoan jokatzen du. Nik, ordea, aurretik pelotan aritu nintzenez, ezberdin jokatzen dudala esango nuke. Ahal dudanero jokaldia bukatzen saiatzen naiz eta erritmo altuko partiduak bilatzen ditut.

 

Zure bigarren titulua da, baita klubarena ere. Harro egongo zara, ezta?

Hiru astetan bi txapelketa irabazi ditut eta, bai, oso pozik nago. Gainera, gure kluba nahiko berria da, sekulako lana ari gara egiten kirol hau berpizteko eta, horregatik, sari hauek jasotzea oso pozgarria izan da guztiontzat.

 

Zer esan dizute klubekoek?

Gipuzkoan, alde haundiarekin gara kide gehien dituen kluba; 80 inguru gara. Jende heldu asko dago, orain gazteak animatzen ari  dira, eta, esan dudan moduan, lan eta esfortzu haundia ari gara egiten. Zorion mezu mordoa jaso dut eta oso eskertuta nago. Horren haritik, Gorka Arretxe da lehendakaria, urte asko daramatza jokatzen eta bera izan da hasiera-hasieratik nirekin egon dena. Ordu asko pasatzen ditugu elkarrekin eta asko diot eskertzeko.

 

Squasha kirol minoritarioa dela esango zenuke?

Tamalez, bai. Bere garaian, Hernanin bertan hiru pista zeuden, eta Euskadiko Ligak ere izen haundia zuen. Dena den, padela ezaguna egin zen eta fisikoki esfortzu baxuagoa eskatzen duenez, jendeak horren aldeko apustua egin zuen. 

Edonola ere, esfortzu haundia ari gara egiten jendea berriro ere kirol hontara erakartzeko. Gure klubean gehienak seniorrak dira, baina gero eta gazte gehiago daude, eta umeak ere animatzen ari dira. Aurrerapauso haundiak ari gara ematen, eta bide horretan jarraituko dugu.

Gainera, gure erronka da emakumeak erakartzea. Azken bolada honetan, kolpetik sei emakume batu dira gure klubera. Squashak eta kirolak, orokorrean, ez du generorik, eta guretzat garrantzitsua da emakume gehiago egotea eta horretan erreferente izatea.

 

Zein da aurrerapausoak emateko gakoa?

Ezer baino lehen, Gipuzkoako Squasheko Federazioa indartzea. Dagoeneko badago, baina itzalita. Horregatik, gure helburu nagusia da hori piztea. Klubean, Gorka eta biok horretan ari gara lanean buru-belarri. Federazioa lortuz gero, Gipuzkoako kiroldegietan pista gehiago egotea lortuko genuke eta, noski, orain daudenak egoera hobean jarriko genituzke, horietako askok hezetasuna dutelako eta ez daudelako guztiz ondo. Hori ez ezik, squasha eskola kirolean ere sartuko genuke, eta horrek ere garrantzi haundia du guretzat, gazte jendea behar dugulako harrobia sortzeko. 

Horrez gain, ezinbestekoa da baliabideak izatea eta, pixkanaka-pixkanaka, kirolari oihartzuna emateko erremintak eskuratzea. Orain, sare sozialen laguntzarekin ikusgarritasuna areagotzea lortu dugu. Gainera, Decathlonekin akordioa sinatu genuen eta zehaztutako kirol egunetan, bertako aparkalekuan squasheko pista batzuk jartzen ditugu. Azkenekoz egin genuenak arrakasta izan zuen, jende mordoa hurbildu baitzen gugana.

 

Ba al duzu etorkizunerako erronkarik?

Posible badut behintzat, nahi dudana da txapelketak irabazten jarraitzea. Jakin badakit oso zaila dela, Euskadikoa irabaztea ere sorpresa izan delako, baina lanean jarraituko dut. Nire helburua da sorpresa izatetik ziurra izan daiteken zerbait izatea. Urtean txapelketa bat irabaztea lortuz gero, oso asebeteta egongo nintzateke. Izan ere, horrelako esperientziak bizitzea oso aberasgarria da bai kirolean, eta baita arlo pertsonalean ere.

 

Amaitzeko, noiz jokatuko duzu hurrengo txapelketa?

Euskadiko masterra dugu datorren hilabetean. Sailkapenean postu gorenetan gaudenok jokatuko dugu, Bilbon, San Inazion, abenduaren 10ean. Topera nabil entrenatzen, bi aste bakarrik falta direlako. Eta, noski, irabazteko asmoz joango naiz; baina, nork daki, ikusiko da!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!