Ligaxkako lider izateko lehian gaur, Urriza-Labaka eta Ansa II-Martirena

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 27a, 00:00

Lehia bizia izango dute Ansak eta Urrizak, beste behin. Argazkia: Maialen Andres

Binakakoaren laugarren partidua jokatuko dute bi bikoteek, 17:00etan hasita Galarretan.

Laugarren kapitulua izango du gaurkoa, Binakako Txapelketaren ligaxkak. Eta oraingoan, lidertzan berdinduta dauden hiru bikoteetatik bi ariko dira elkarren kontra: Ansa II eta Martirena, Urrizaren eta Labakaren kontra. Arratsaldeko 17:00etan hasiko da jaialdia Galarretan, eta bigarren partidua izango da txapelketari dagokiona.

Aurretik, Aritz Zubiri goizue­tarrak jokatuko du, Zaldua IIrekin batera, Urrutia IIren eta Larrañagaren kontra. Eta jaialdiko hirugarren partiduan, Juaneneak eta Zalduak aurrez aurre izango dituzte Goikoetxea V eta Aizpuru III.

Binakakoaren ligaxkan, lau punturekin berdinduta daude, gaur jokatuko duten bi bikoteak, eta hirugarren bat: Endika Barrenetxea hernaniarrak eta Goikoetxea V urnietarrak osatuta­koa. Hiru bikoteek irabazi dute, orain arte jokatu duten partidu bakarra. Barrenetxeak eta Goikoetxeak atseden hartuko dute gaur ere; eta beraz, gaurko partiduaren irabazlea izango lider, astebeteko epean behintzat. Lidertza jokoan egoteak interesa gehituko dio, berez oso erakargarria den partiduari; bereziki aurreko koadroetan, Urrizaren eta Ansaren arteko lehiarekin.

Bost bikote ari dira ligaxkan, eta lau sailkatuko dira hurrengo fasera. Juanenea­ri eta Aizpuru IIIri jarri zaie txapelketa bereziki aldapa gora, bi partidu jokatu eta biak galdu baitituzte. Segurolak eta Larrañagak, jokatuta­ko bakarra galdu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!