Bi bikote hernaniar ariko dira aurrez aurre bihar, neska jubenilen finalean

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 27a, 00:00

Maddi Iriondo, Behar Zanaren kontrako semifinalean.

Hernanin bertan jokatuko dute finala Iriondo-Kerejeta eta Macicior-Barrenetxea bikoteek, 17:00etan.

Hernanin geratuko dira Gipuzkoako txapelak, neska jubeniletan. Eta horrela izango da, Hernanin bertan jokatuko delako finala, bihar 17:00etan; eta bi bikote hernaniar ariko direlako elkarren kontra: Maddi Iriondo eta Ane Kerejeta, batetik; eta Enara Macicior eta Alaitz Barrenetxea, bestetik.

Ikustekoa izango da partidua, txapelketa bikaina jokatu duten lau palistarekin. Zortzi bikoteren artean, bi onenak izan dira hernaniarrak. Nagusitasunez irabazi dituzte partidu guztiak, eta beraien arteko lehian jaso zuten porrot bakarra, Kerejetak eta Iriondok: 30-22 nagusitu zitzaizkien Macicior eta Barrenetxea, ligaxkako partiduan.

Baina ligaxka atzean utzi dute, eta partidu bakoitza ezberdina da. Horregatik, edonork irabazi dezake biharko finala. Ligaxka aurreneko postuan eta partidu guztiak irabazita bukatu izanaren konfiantza daukate Maciciorrek eta Barrenetxeak, baina finalerako pasea nagusitasun haundiz lortzetik datoz Iriondo eta Kerejeta: 30-15 irabazi zuten, Behar Zanako Tejeriaren eta Arretxeren kontra.

Finalean, Macicior eta Kerejeta aurrez aurre ikusteko aukera ere izango dute zaleek. Tilos 7 Pasako txapeldun izan ziren elkarrekin, duela hiru aste, finalean 22-15 nagusituta Urien eta Ansotegiren kontra. Oraingoan, bietako batek bakarrik jantziko du txapela.

Bigarren astez segidan, Gipuzkoako Txapelketako finalez gozatzeko aukera izango dute zaleek, Hernanin bertan. Aurreko asteburuan, neska zein mutil nagusien lehenengo mailako finalak jokatu zituzten kiroldegiko frontoian. Eta biharkoan, beste bi izango dira jokoan, bertan: neska jubenilena ez ezik, neska nagusien bigarren mailakoa ere jokatuko da, jaialdi berean. Horretan ez da izango hernaniarrik, semifinala galdu baitzuten Ekhine Balerdik eta Ainhoa Urienek. Aiak eta Ataunek jokatuko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!