'Komunitatearen zaintza: indarkeriei aurre hartzen' saioa, asteartean

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 26a, 00:00

Tratu Onen Foroa antolatu dute hilaren 30erako, Kulturarteko Plaza Feministan, 17:30etan hasita. Saioan parte hartuko dute herriko hiru eragilek.

Komunitatearen zaintza: Indarkeriei aurre hartzen Tratu Onen Foroa antolatu dute datorren astearterako, hilaren 30erako, arratsaldeko 17:30etan hasita. Arremanitz Kooperatibak antolatutako saioa da, Udalaren, Berdintasun Kontseiluaren eta Tratu Onen herriaren laguntzarekin.

Esperientziak partekatzeko,  hiru eragile elkartuko dituzte: Santa Barbara elkartea, CD Hernani Futbol elkartea eta Hernaniko Koordinadora Feminista. «Lan aitzindaria egin dute guztion komunitatea zaintzeko bidean, eta, zehazki, indarkeriei aurrea hartzeko egin dituzten lanketak eredugarriak iruditzen zaizkigu. Gainerako elkarteek eta taldeek horien berri izatea nahiko genuke», aipatu dute.

 

Aldaketarako bidean

Lanketa hauek aldaketarako balioko dutela aipatu dute. «Ez dira izaten paper batean sinatzen duguna soilik. Indarkeria matxistak ulertzeko eta hauen aurrean erreakzionatzeko moduan aldaketa bat ekarri ohi dutelako. Tripetatik abiatzen direlako aldaketa hauek eta ez soilik hitzez; ez soilik itxuraz. Eta hori da benetan eraginkorra, indarkeriei begiratzeko dugun modua aldatzea, ez daitezela normalizatu, ez daitezela oharkabean pasa».

Herritarrei bertaratzeko deia luzatu diete, «herriko talde guztiak beren baitan indarkeriak tokiz kanpo uzteko konprometitzen direnean, herritar guztiak egongo direlako salbu, diren moduan izango dira estimatuak, eta herrian aske parte hartuko dute». Izan ere, diote, «tamalez, gaur egun oraindik ez da horrela».

Gainera, saioan izango dira, baita ere, Eli Pagola eta Maider Arregi bertsolariak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!