Otxandioko herri eskolak jaso du aurreneko Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Beka

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 26a, 00:00

Otxandioko herri eskolako ordezkariak jaso zuten beka Udaleko, Hik Hasiko eta Joxe mari Auzmendiren familiaren aurrean.

Datozen bi urtetan proiektua garatzeko 12.000 euroko laguntza jaso dute,  Hik Hasik eta Udalak  antolatuta.

Hik Hasi egitasmo pedagogikoak, Hernaniko Udalaren babesarekin, lehendabizikoz antolatu duen Joxe Mari Auzmendi beka Otxandioko eskolak irabazi du. Asteazkenean ezagutarazi zen epaia udaletxean, eta eskola bizkaitarrak jasoko du 12.000 euroko beka bi urtetan bere proiektua garatzeko. Lagunduko da Joxe Mari Auzmendiren hezkuntza balioei jarraipena eman eta balio horietan oinarrituriko hezkuntzaren eginkizun eraldatzaileak dituen proiektua.

Ekitaldian parte hartu zuten Xabier Lertxundi alkateak, Oier Agirresarobe hizkuntza zinegotziak, Malores Etxeberria euskera teknikariak, Hik Hasiko Mikel Arrizabalagak eta Otxandio Eskolako Nagore Agirrebeitia zuzendariak, Lur Olabarri aholkulariak eta Aloña Erauskin  irakasleak.

Halaber, epaimahaiak hobetsi du eta Hik Hasik eta Udalak begi onez babestu dute lehen deialdi honetan aipamen berezi bat egitea.  Kasu honetan, jakin-min praktika filosofikoen elkartearen Jolastuz hausnartzen. Haur filosofia proposamena proiektuak jaso du aipamena.

 

Natura, basoa eta integrazioa

Hik Hasiko Mikel Arrizabalagak aipatu zuen hamar lan edo proposamen jaso zituztela eta, horregatik, «gustura» agertu zen «beka deialdia nola joan den ikusita». Otxandiokoa izan da aukeratua, «baso eskolari ateak irekiz, naturaren integrazioan eta Haur Hezkuntzan ez ezik Lehen Hezkuntzan ere berrikuntza pedagogikoan proposatzen den jauzi kualitatiboagatik eta, batez ere, eskolaren eta komunitatearen hurbilpenari begira proposatzen duen proiektu integralagatik». 

Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Bekaren epaimahaiak ebatzi du Otxandioko eskola dela Joxe Mari Auzmendi zenaren izpirituari ongien uztartzen zaion proiektua. Zehazki, sei ardatz dituen proiektua da: ikasleen interesetatik abiatutako ikasketa prozesua; mugimendu autonomoa HHn eta LHn; hizkuntza jabekuntza, kultur komunikazioa, komunikazio sinbolikoa eta afektiboari garrantzia ematea; jasangarritasuna: ikaskuntza naturan herriarekin bat; eta, azkenik, aniztasuna.

Denera, izaera anitzeko hamar proiektu jaso dira. Batzuk ikuspegi nazionalekoak, eta besteak, berriz tokian tokiko proiektuak: elkarteenak, ikastetxeenak, eta abar. Joxe Mari Auzmendik bere ibilbidean ondutako lau hezkuntza balioren bueltan ardazten zen beka: hobekuntza pedagogikoa, euskera eta euskal kulturaren biziberritzea, herri hezitzailea eta inklusioa. «Jasotako proiektuen izaerak erakutsi du hezkuntza komunitatea hobekuntza eta lanerako gogoz dagoela, eta beharra duela», azpimarratu zuen.

Bestalde, bertaratutako Xabier Lertxundi alkatea eta Oier Agirresarobe zinegotzia «eskertuta eta pozik» agertu ziren  proiektuaren norabidearekin.

Ekitaldia amaitzeko, Otxandioko Eskolako hiru ordezkariek hartu zuten hitza. Eskerrak eta ohore bat zela aipatu eta gero,  azaldu zituzten proiektuaren, Otxandioko herriaren eta eskolaren nondik norakoak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!