'Kirolean Euskaraz' mahai-ingurua astelehenean, pertsonaia ezagunekin

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 25a, 00:00

Euskara Ari Duk antolatu du Biterin, 19:00etan, eta bertan izango dira Maialen Chourraut, Iñaki Artola, Maialen Lujanbio eta Maitane Urbieta.

Euskara Ari Du-tik kirolean ere euskeraz egin daitekeela adierazi nahi dute. Horretarako eta Kirolean Euskaraz ekimenari indarra emateko, kirol munduarekin lotura duten pertsonaiez osatutako mahai-ingurua antolatu dute datorren astelehenerako, azaroak 29rako.

Saioa osatuko dute Iñaki Artola pelotariak, Maitane Urbieta kazetariak eta Maialen Chourraut piraguistak. Mahai-inguruaren gidaritzapean, gainera,  Irati Sarasua kazetaria arituko da; eta, horrez gain, saioa girotze aldera, Maialen Lujanbio bertsolariak ere izango du bere papera. Esandakoa gutxi balitz, beste sorpresa batzuk ere izango direla ere aurreratu dute.

Saioaren helburua da «gaztetxoei kirola ere euskeraz egin daitekeela adieraztea». Horretarako, erreferente dituzten kirolari horiek euskerari ematen dioten balioa goraipatuko dute. Mahai-inguruko sarrera doakoa da; baina, aforoa kontrolatzeko, gonbidapenak banatuko dira. Doberako bulegoan edota telefono bidez (943 33 27 99) izango da gonbidapena lortzeko aukera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!