Iñigo eta Ekai Legorburu aita-semeak nagusitu dira Barakaldoko ipuin lehiaketan

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 23a, 00:00

Iñigo eta Ekai Legorburu Barakaldon jasotako sariekin.

Helduen eta 6-11 urte artekoen artean irabazi dute hernaniarrek.

Barakaldoko Salesianos ikastetxeak urtero antolatzen duen Jose Maria Portell ipuin lehiaketako irabazleak izan dira Iñigo eta Ekai Legorburu kategoria banatan. Saria jaso aurretik, soilik finalistak zirela zekiten beste hainbat partaiderekin batera eta jada bertan, irabazle izendatu zituzten. 


Aitak, Iñigok, Bidaiak izeneko lana aurkeztu zuen, non erditze-osteko emakume baten depresioa duen mintzagai. Bere esanetan, «banuen gai hori lantzeko gogoa, uste dudalako gure artean present dagoen gai bat dela eta gutxi hitz egiten dela horri buruz. Izan ere, erditzean, dena bukatu dela saltzen digute; orduan dena hasten denean: bizitza aldaketa, lo gutxiko gauak, gorputzeko minak eta zauriak…».


Sorpresa, Ekai semeak hartu zuen, bere 8 urterekin berak idatzitako ipuina saritu zutelako. Izenburua, Lorcaren Nafarroa du eta bertan, Federico García Lorca poeta ezagunak Nafarroan egin zituen egunak hartzen ditu hizpide. Hala, La barraca bere konpainiarekin Nafarroa hegoaldean ikuskizunak eskeini eta Lorcak euskal pelotariak ezagutu zituen frontoietan, haiekin txundituta geldituz.


Ipuina, iaz letra hobetzeko ariketa bezala idatzi zuen Ekaik eta behin paperean zegoela, ordenagailura pasa eta lehiaketa batera bidali zuen. Han ez zen saritua izan, baina lan berbera Barakaldon saritu diote hilabete batzuk geroago.


Aurten, bigarren aldia da aita-semeak lehiaketa berean saritzen dituztela, ekainean ere Dobera euskara elkartearen Bota bertsoa lehiaketan sarituak izan zirelako biak.


Sari gisa, Iñigok 250 euro, diploma eta garaikurra lortu ditu eta Ekaik, 50 euro, diploma eta garaikurra. Laster, euren lan sarituak liburu formatuan argitaratuko dituzte beste finalista guztienekin batera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!