Bultza Liga Inklusiboa martxan dagoeneko, lau talderekin

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 23a, 00:00
Hernaniko inklusibo taldea elkar basarkatuz. Argazkia: Hernani CRE

Euskal Errugbi Federazioak Deustuko Unibertsitateko III. Kirol Balioen Saria jaso zuen, eta Hernani «oso pozik» agertu da.

Azaroaren 13an eman zitzaion hasiera Bultza Liga Inklusiboari, Bilboko El Fango zelaian eginiko aurkezpenarekin. Guztira honako lau talde hauek osatuko dute Bultza Liga Inklusiboa: Hernani Club Rugby Elkarteak, Gaztedi RTk, Getxo RTk eta Uni Bilbao Rugbyk. Urtero moduan, txapelketa honetako emaitzak ez dira argitaratuko eta sailkapenik ez da egongo. Izan ere: «errugbiak ez du diskriminatzen, baloi obalatu baten inguruan pertsonak batu nahi ditu, zelai baten gainean helburu berberak dituztenak, beren burua errespetatuz eta adibide hori jarraituz, aurkariak eta epaileak errespetatuz, zintzoak izanik, joko garbia eta taldekideekiko eta aurkariekiko elkartasuna bilatuz». 
Deustuko Unibertsitateko III.


Kirol Balioen Saria, Euskal Errugbi Federazioari

Euskal Errugbi Federazioak Deustuko Unibertsitateko III. Kirol Balioen Saria jaso zuen pasa den astean, eta Hernani errugbi taldea «oso pozik» agertu da, bertan parte hartzen duelako, eta saria nolabait, talde guztiei zuzenduta dagoelako. 
Iñaki Rica Euskal Errugbi Federazioko Lehendakariak saria jaso eta bertan eginiko interbentzioan aipatu zuen lau talde partehartzaileen lana ezinbestekoa izan dela liga aurrera eramateko.

Bultza Liga Inklusiboan, hainbat arau 
Lau taldeen arteko lehiaketa sistema bi itzulira izango da, denak denen aurka jokatuta, eta talde bakoitzean 23 jokalari egongo dira. Bi denbora egongo dira, lehena 30 minutukoa izango da eta  bigarrenarena epaileen eta taldeetako arduradunen artean adostutakoa. 
Ez da melerik errepikatuko. Kontra-ruck-a ere ez da onartuko. Touchean ez da lehiarik onartuko aireko fasean. Horrez gain, plakajeetan, jokalariari lurrera lagundu beharko zaio.

Bilbon eman zitzaion hasiera Bultza Liga Inklusiboari. Hernani eta Gaztediko jokalariak, elkarrekin. Argazkia: Hernani CRE
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!