«Minduta, nazkatuta eta amorruak ematen digun indarrarekin iritsi gara azaroaren 25era»

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 23a, 00:00
2020ko manifestazioa Astigarragan, 'Ez da ez' lelopean.

Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunaren bezperatan, azaroaren 25erako antolatutako mobilizazioetan bat egiteko deialdia luzatu dute Urumea bailarako taldeek, eragileek eta Udalek. 

Ostegun hau aldarrikapen eguna da Urumea bailaran ere. Hain justu, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da azaroaren 25a, eta manifestazioak, kontzentrazioak eta bestelako ekintzak antolatu dituzte bailarako taldeek, eragileek eta Udalek. Horren haritik, emakumeek pairatzen dituzten bortizkeria guztien  kontra «amorruz oihu egitera» deitu dute Euskal Herriko hainbat eragilek eta talde feministek.

'Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak orain!'

Azaroaren 25aren atarian, Euskal Herriko Mugimendu Feministak autodefentsa antolatzeko dei egin du. Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak orain! da aurtengo leloa eta aldarri nagusia.  Argi utzi dute «emakume* izate hutsagatik egunero bizitzen ditugun indarkeria anizkoitzik gabeko bizitza askeen alde» aterako direla kalera.  Irakurketa horretan, era berean, gogorarazi dute aurten, ofizialki, bost emakume hil dituztela Euskal Herrian, eta azken urtean emakumeek jasandako indarkeria «izugarria» izan dela: «ehunka eta ehunka dira ere LGTBIQ+ kolektiboaren kontrako eraso, gorroto diskurtso eta sexu orientazioagatik zein genero identitateagatik ematen diren bazterketak. Noiz arte?», salatu dute.

Manifestazioak, bailaran

Euskal Herriko hiriburuetan ez ezik, herrietan ere hamaika deialdi egin dira. Urumea bailaran, manifestazio gehienak arratsaldean izango dira. 19:00etan emango diete hasiera Astigarragan, Emakumeon Etxeak deitutakoari; eta Hernanin, Koordinadora Feministak antolatutakoari. Aranon,  kontzentrazioa egingo dute 19:00etan hasita eta Goizuetan, berriz, kalejira, arratsaldeko 18:30etan. 

Bestalde, Astigarragan, Udalak deitutako manifestazioa 12:15etan izango da eta, arratsaldean, 20:00etan, mainfestazio isila egingo dute  herrian barrena, Joseba Barandiaran plazatik abiatuta. 

Aipatutako deialdi horiez gain, beste hainbat ekimen eta jar­duera ere antolatu dituzte herriko taldeek datozen egunetarako. Besteak beste, izango dira mahainguruak, hitzaldiak eta proiekzioak. 

Gainera, omenaldiak ere egingo dituzte. Astigarragan, esaterako, bihar, Joseba Barandiaran plaza morez jantziko dute; «erailketa matxisten kontaketa 2003an hasi zenetik, Euskal Herrian erail dituzten 121 emakumeak eta adin txikikoak omentzeko, euren oroimenezeko txartelak jarriko dira plazan», aipatu dute Udal ordezkariek. 

«Erakunde konprometituak behar ditugu»

Euskal Herriko Mugimendu Feministak azpimarratu du eragile sozial, politiko eta instituzional bakoitzak aurretik aipatutako ildo horretan egin behar duela lan, «indarkeria matxistarik gabe bizitzea gure eskubidea baita». Argi utzi dute: «erakunde konprometituak behar ditugu eta ez, ordea, morez mozorrotutako adierazpen instituzional, elkarretaratze ezta argazkirik ere». Horren haritik, adierazi dute ez dutela onartuko «neurri eraginkorrik eta aurrekonturik gabeko berdintasun politika hutsalik, ezta zerbitzu publikoen prekarizaziorik ere». 

Azkenik, bateratzeko mezua luzatu diete herritarrei, eta boteretze kolektiboaren alde egiteko, horrela lortuko baita aurrera egitea. «Autodefentsa feminista antolatu baten aldeko aldarria berhartzen dugu gure bizitzak defendatzeko, ikasi ditugun arauak zalantzan jartzeko, indarkeria zein errealitate ezberdinei modu indibidualean eta kolektiboan aurre egiteko. Kaleak hartu eta zuenganatu nahi duten espazioen jabe egingo gara berriro. Nazkatu gara beldurra izateaz, guk boteretze kolektiboaren aldeko hautua egiten dugu!». 

 

HERNANI

Az. 25 Manifestazioa, 19:00, Plaza Berritik. Antolatzailea: Koordinadora Feminista.
Az. 29 Beldur Barik Tokiko lehiaketa: sari banaketa, 18:00, Kulturarteko Plaza Feministan. Hizkuntza: euskera. Antolatzailea: Berdintasun Kontseilua eta Hernaniko Udala. 
Az. 30 Tratu Onen Foroa: Komunitatearen zaintza, indarkeriei aurre hartzen, 17:30, Kulturarteko Plaza Feminista. Hizkuntza: euskera. Antolatzailea: Arremanitz kooperatiboa eta Hernaniko Udala. 


ASTIGARRAGA

Az. 23 Carpe Diem Roxari laburmetrai emanaldia, 19:00. Ondoren, solasaldia. Laburmetraia herriko emakume gazteek egin zuten, eta solasaldian parte hartuko dute.
Az. 24 Joseba Barandiaran Plaza morez jantziko da, 18:00. 
Az. 25 Kontzentrazioa, 12:15, Udalak deituta, udaletxe aurrean. 
Az. 25 Kontzentrazioa, 19:00,  Emakumeon etxeak deituta, Joseba Barandiaran plazan. 
Az. 25 Manifestazio isila, 20:00. Joseba Barandiaran Plazatik abiatuta, herrian barrena ibilbidea egingo da. 
Az. 26 Kale antzerkia: 'Evaren alabak', 19:00. 
Az. 27 Diziplina anitzeko ikuskizuna: 'Emakumeak', 19:00, El Salvadorren abortu delitua egotzita espetxeratu dituzten emakumeak gogoratu eta omentzeko proiektua da, eta dokumentala, eleberri grafikoa eta dantza garaikideko pieza batek osatzen du. 


GOIZUETA
Az. 25 Kalejira, 18:30, herritik plazaraino. Antolatzailea: Goizuetako Emakume taldea.


ARANO
Az. 25 Kontzentrazioa, 19:00. Amaitu ostean, pintxo potea. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!