30-37 egunak: Haizearekin borrokan

BERRIA 2021ko aza. 22a, 08:17

30. eguna: Livingston (Deskantsua)

Livingstonen hainbat GKE ezberdin aurkitzen dira eta guzti hauetako boluntarioak elkartu egiten dira asteburuetan plan ezberdinak egiteko. 15 pertsonako lagun talde polita osatu dute, munduko parte guztietakoak.

Larunbat honetan Zambezi errekara eskurtsioa tokatzen zen eta gonbidatu egin gintuzten planera batzeko. Nola esan ba ezetz! Mendi buelta bat aspaldiko partez. Faltan botatzen ditugu hauek ere.

31. eguna: Livingston (Deskantsua)

Deskantsu egun asko izan ditugula somatuko zenuten blogean, edo egun askotan jarri dugu (Deskantsua) behintzat. Hala ere, hau izan da benetan deskantsatzeko erabili dugun lehen eguna. Elkarrizketa luzeak, luzaketa ariketak, bainuak eta siestak.

32. eguna: Livingston (Kubuka)

Kubuka erakundea garatzen ari diren proiektuak bertatik bertara ikusteko aukera izan genuen. Behar gehien duten haurrek hezkuntza jasotzeko aukera izateko egiten dute lan.

Ikusi genuenagatik ez dugu zalantzarik lan oso ona egiten ari direla. Onuradunak diren haurrekin hitz egin besterik ez dago hau baieztatzeko. Garatzen ari diren bost proiektuak sakonago “Livingston: Kubuka” artikuluan azaltzen ditugu.

33. eguna: Livingston – Zimba (106km, +495m)

Herrialdez aldatu, eta honekin batera gastronomia. Errepide bazterretan jatetxe txiki mordoa aurkitzen ari gara eta hauetan samosa izeneko frijituak oso ohikoak dira, hamaiketako bezala paregabeak. Fruta postuak ere alde guztitan topa daitezke. Badirudi gose arazorik behintzat ez dugula izango Zambian! 

34. eguna: Zimba – Kalomo (48km, +200m)

Zimbabwen ezagutu genuen lagun baten familia Kalomo inguruko baserri batean bizi da eta gaua pasatzera gonbidatu gintuzten. Egun txarra izan zuten bixita egunean, kamioetako batek gurpila zulatu zuen baserria bisitatzen ari ginela. Ez gara gurpilak zulatzen ditugun bakarrak behintzat!

Etxeko zaharrenak Zimbabwekoak omen ziren izatez, baina duela 20 urte bota egin zituzten estatutik. Askotan entzun izan dugu Zimbabweko baserritar txuri guztiak indarrez bota zituztela Mugaberen agintaldian, eta gertaera hau lehen pertsonan bizi izan dutenen ahotan entzutea oso interesgarria izan zen.

35. eguna: Kalomo –  Muzoka (94km, +198m)

Antzeko bidaiak egiten ari direnek, edo egin izan dutenek, eskoletan lo egiten dutela ikusi dugu askotan. Esperientzia hau probatu beharrean geundela garbi genuen hasieratik eta gaur izan da eguna.

Lehen momentutik esku zabalik jaso gaituzte eta ez digute inongo arazorik jarri lo egiteko. Bertako umeek ustekabean jaso dute bisita, goitik bera aztertu gaituzte, gure abentura ulertu ezinik. Harrituta egoteko arrazoiak badituzte!

36. eguna: Muzoka – Mazabuka (124km, +266m)

Beste eskola batean lo egiteko intentzioarekin hasi genuen eguna. Ibilbidea oso laua zen eta kilometro dezente egiteko aukera ematen zigun honek. Kalkuluetan ez genuen haizea kontuan izan ordea…

Asko kostatzen da haizea kontran dela aurrera egitea eta uste baino beranduago zela ikusita eta eskolara egunez iritsiko ez ginela ikusita, bide bazterrean aurkitzen den baserri batean sartzea erabaki genuen.

Lo egiteko txoko txiki bat nahikoa izaten da guretzat, baina baserri ona aukeratu genuen dirudienez… Lo egiteko aukera eman bakarrik ez, afari ederra, piszina eta dutxa on bat ere eskaini ziguten. Jende ona!

37. eguna: Mazabuka – Lusaka (117km, +677m)

Zambiako Lusaka hiriburura iritsi gara gaur. Erdigunean kaosa zen nagusi, auto eta jendea alde guztietatik. Kontu handiz ibili beharreko eremua izan zen. Zorionez arazorik gabe iritsi ginen hostatura.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!