Gaur hasiko dituzte asfaltatze lanak, eta ostiralera arte luzartuko dira

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 22a, 00:00

Denera, 5 egun beharko dituzte zehaztutako kaleak eta txokoak asfaltatzeko. Zenbait lekutan autoak kendu beharko direla aurreratu dute. 

Udalak jakinarazi duenez, gaurtik hasita ostiralera arte, udal langileek asfaltatze lanak egingo dituzte herriko hainbat kaletan eta txokotan. 

Autoak kentzeko abisua
Adierazi dutenez, gaurkoan prestaketa lanak egingo dituzte. Hain justu, Orkolaga Plaza osoan hesiak jarriko dituzte. Horrekin batera, asteazkenerako auto guztiak kendu beharko direla azpimarratu dute. Horrez gain, Perkaiztegi kaleko azken zatian, eskubiko aldean, hesiak jarriko dituzte autoak bertatik kentzeko. Izan ere, asfaltatu aurretik, ubidea berritu behar dute zati horretan.

Martxa hori hartuta, asteartean, Perkaiztegi kalean ubidea berritzeko lanei ekingo diete. Asteazkenean, berriz, Orkolaga Plaza asfaltatzen hasiko dira eta, horretarako, inguru guztia itxiko da. Ostegunean,  margoketa lanak egin eta plaza irekiko dute. Egun horretan ere, Perkaiztegi kalea asfaltatzen hasiko dira, eta kalea guztiz itxiko da, garajeetako sarrera eta irteera egiteko izan ezik. Azkenik, ostiralean, Perkaiztegiko zonaldeko lanekin amaitu eta margoketa lanak egitea aurreikusi dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!