Laugarren garaipena lortu zuten trikoloreek, Uribealdearen kontra 43-8 nagusituta

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 21a, 00:00

Pello Perez hernaniarra Landaren, atzoko partiduan.

Ohorezko B Mailako taldeak atzo jokatu zuen Landaren, denboraldiko bosgarren jardunaldiko partidua. Hernaniarrak jaun eta jabe izan ziren zelaian, eta erraz lortu zuten garaipena.

Zita garrantzitsua izan zuten atzo trikoloreek Landaren, Uribealdearen aurka. Bosgarren jardunaldia zuten atzokoa, eta azken bi partiduetako boladari eusteko asmotan atera ziren zelaira Ohorezko B mailako taldeko jokalariak. Eta egindako lanak fruituak eman zituen atzokoan, 43-8 irabazi baitzien Mungiakoei.

 

Hasierako minututik geldiezin, hernaniarrak

Taldeak ezin hobe hasi zuen norgehiagoka, eta, hasiera-hasieratik, Patrick Polidoriren mutilek argi utzi zuten sendo arituko zirela eta aurkariei ez zietela topaketa erraza jarriko. Hain justu, partidua hasi eta lehenengo minutuan, 5-0ekoa heldu zen Iker Burugainen entseguarekin. Dena den, berehala esnatu ziren aurkariak, eta 5-3koa egitea lortu zuten seigarren minutuan, zigor kolpe baten ondoren.

Minutuek aurrera egin ahala, Hernanik taldea indartu eta Burugainen bigarren entsegua heldu zen 21garren minutuan, markagailuan 10-3 aurreratuta. Martxa hori hartuta, geldiezin ibili zen hernaniar gaztea, hirugarrena egin baitzuen 25garren minutuan. Horrela, trikoloreek abantaila haundia lortu zuten, 15-3ko aldearekin. Atsedenaldira heldu aurretik, ordea, bisitariek entsegua egin eta 15-8koarekin joan ziren aldageletara.

Bigarren zatiari gogor ekin zioten etxekoek, eta 48garren minutuan Jon Ander Zapiainen entseguarekin eta Anartz Elosegiren transformazioarekin  22-8koa lortu zuten. Segituan egin zuten aurrera, Beñat Arizetaren entseguarekin eta transformazioarekin, 29-8koa osatuz. Indartsu jarraitu zuten hernaniarrek, eta markagailua 36-8an jarri zuten Xaboren entseguarekin eta Arizetaren transformazioarekin.

Azken hamar minutuetan ere Hernanik tinko heldu zion garaipenari. Horrelaxe heldu ziren, hain justu, partiduko azken tantoak: Martxel Aramendiren entsegua eta Arizetaren transformazioa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!