Bi hitzaldi antolatu ditu Hernani Errotzenek datorren asterako

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 21a, 00:00

Koldo Martinez Garate eta Beñi Agirre, joan den astearteko hitzaldian.

Asteartean eta ostegunean izango dira Biterin, arratsaldeko 19:00etan hasita.

Egitarau potoloa prestatu dute Hernani Errotzeneko kideek hilabete honetarako. Joan den astean eman zioten hasiera hitzaldien txandari, eta datorren asterako beste bi antolatu dituzte. Azaroaren 23an eta 25ean izango dira, euskeraz, Biteriko ikastaro gelan, eta biak 19:00etan hasiko dira.

Aurreratu dutenez, 1.200eko gertakarien bueltan arituko dira. «Urte hartan, Gaztelako Alfonso VIII.aren tropak sartu ziren oraingo Arabako, Gipuzkoako eta Durangaldeko lurretan. Lurraldea inbaditu eta bertako biztanleria menpe hartuta, Espainia gaztelarren proiektura atxikitu zuten». 

Astearteko saioan, Iñaki Lopez de Luzuriaga izango da hizlaria. Itzultzaile eta wikilariak 1199-1200 urte arteko gertakariak azalduko ditu; «besteak beste, Gasteiz setiatu zutenekoa eta Erromako elizaren akuilatzea».

Ostegunean, berriz, Joxe Mari Iturriotz irakasleak hartuko du erreleboa. Oiartzungo Beloaga gaztelua «oiartzuarren ekimenez» nola berreskuratu duten azalduko du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!