Irazustabarrenak eta Arrietak Gipuzkoako txapela dute jokoan, bihar Hernanin, Su-Berri 1en kontra

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 20a, 00:00

Irazustabarrena eta Arrieta, Su-Berriren kontra.

Nagusien Lehenengo mailako bi finalak, bai emakumezkoena eta bai gizonezkoena, izango dira ikusgai, 17:00etan, kiroldegiko frontoian. Mutiletan Azkoitia eta Danok Bat dira finalistak.

Gipuzkoako Gomazko paletako final nagusiak jokatuko dira bihar Hernaniko kiroldegiko frontoian. Hain zuzen ere, nagusien lehenengo mailako bi finalak jokatuko dituzte, bai emakumezkoena eta bai gizonezkoena, 17:00etan hasita.

Gizonezkoen txanda izango da aurrena eta ondoren jokatuko da hernaniarrentzat final garrantzitsuena, neskena. Amaia Irazustabarrena eta Ariane Arrietak, Su-Berri 1eko Leire Galdos eta Maider Mendizabalen kontra jokatuko dute.

Final estua espero da eta zaleen babesa garrantzitsua izango da finala aurrera atera eta txapela irabazteko. Ligaxkan bi partidu jokatu zituzten bi bikoteen artean eta lehenengo partiduan Su-Berrik irabazi zuen 30-25 eta azkeneko jardunaldian Hernanik sailkapena eskuratu zuen finalera 30-29 irabazi eta gero lehia estu bezain ikusgarri eta borrokatu batean. Garaipen horri esker lortu zuen Hernanik finalera sartzea, bestela Su-Berriko bi taldeak sartuko baitziren finalera.

Final estua eta lehiatua espero da maila haundiko lau palisten artean. Urtero bata bestearen kontra txapelak banatzen dituzte. Pasa den denboraldian pandemiaren eraginez, apirilean neurtu zituzten indarrak eta Irazustabarrena eta Arrietak 30-22 irabazi zuten. Hala ere, behin baino gehiagotan Su-Berrikoak irten dira garaile eta ez da faboritorik.

Mutilen finalean Azkoitiko Jokin Aizpuru eta Iker Epeldek,  Danok Bat-eko (Mutriku) Igor Elezgarai eta Xabier Garalderen kontra jokatuko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!