Hernanin grabatuko da 'Arnasa' film laburra azaroaren 29an hasita, Geuretik Sortuak proiktuaren baitan

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 20a, 00:00

Raúl Barreras ezkerrean, Xabier Lertxundi jarraian, Javi

Azaroaren 29an hasi eta abenduaren 3ra arte iraungo du  'Arnasa' film laburraren grabazioak, eta Onddi mendi magaleko baserri bat izango da horretarako eszenatokia. 

Ostegunean aurkeztu zuten, Hernaniko udaletxean, Arnasa film laburra, Geuretik Sortuak izeneko programaren baitan kokatzen dena. Raúl Barreras zinegilea da film honen sortzailea.

Geuretik Sortuak Udalbiltza­ren programa bat da, eta «as­moa da euskeraz egindako kulturaren sormena, ekoizpena eta hedapena sustatuko dituen zirkuitu nazionala sortzea», aditzera eman zuen Jabi Asurmendi Udalbiltzako lehendakariak. 

Euskal kultura sustatzeaz gain, nazio ikuspegia duen proiektua ere bada. Jarraian, Xabier Lertxundik aipatu zuen Hernanik bat egin duela egitasmo honekin, «helburuekin guztiz bat egiten dugulako».

Momentu honetan, proiektu guztiak sormen eta ekoizpen fasean daude: «beraz, datorren urtean ikusiko ditugu emaitzak», dio Asurmendik. Horrez gain, gaineratu du: «bost antzerki obra, bost film laburrez osatutako pelikula, eta 16 idazleen lanak bilduko dituen liburuak osatuko dutela programa osoa».

Raúl Barreras zinegile karrantzarra da, eta maiatzean hasi zuen Hernaniko egonaldia. Barrerasek dio, hasierako asmoa moldatu egin zuela: «herriko baserritarrekin hitz egin dut, eta  haiek esandakoak txertatu ditut film laburraren gidoian».  Aktore hernaniarrak lortu nahi izan ditu Barrerasek, baina ezin izan du asmoa bete. Horregatik, Eneko Sagardoy izango da protagonista, eta Onddi mendi magaleko baserri batean grabatuko dute. Protagonista ez izan arren, hernaniarrek ere parte hartuko dute filmean.

Azaroaren 29an hasiko da grabaketa, eta abenduaren 3an bukatu. Koro Etxeberria kultura zinegotziak gehitu zuen, «aberasgarria, ausarta eta potentea» izango dela Hernanirentzat: «gu, behintzat, oso pozik gaude, proiektu polita baita».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!