Bukatu da Hernaniren ametsa Errege Kopan Victoriaren zelaian 1-0 galdu eta gero

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 19a, 00:00

Zale batzuk, Zubipen elkartu ziren asteazkeneko partidua adi-adi ikusteko.

Bigarren zatiko aurreneko minutuan lortu zuen gola talde galiziarrak, eta ezin izan zuen berdindu Hernanik, aldeko penaltia izan arren.

Sekulako ilusioarekin egin zuen CD Hernanik Galiziarako bidaia, asteartean. Baina A Coruñan bukatu da bere ametsa, Victoriaren zelaian, Errege Kopan: 1-0 galdu zuen, partidu ona jokatu eta zatirik haundienean nagusi izan arren.

Gogotsu zelairatu ziren berdeak, baloiaren jabe izateko asmoz, eta primeran ekin zioten. Gol aukera ugari izan zituzten, ia aurreneko zati osoan. Baina pixkanaka, hernaniarren nagusitasunari aurre egiten hasi zen Victoria, eta gol aukera garbiak izan zituen atsedenera iritsi aurretik. Horiek libratuta, berdinketarekin iritsi zen Hernani atsedenaldira (0-0).

Bigarren zatia, ordea, ezin okerrago hasi zen berdeentzat: aurreneko minutuan lortu zuten gola galiziarrek, 1-0ekoa jartzeko. Jasotako kolpeari ondo eta azkar erantzun zioten berdeek, eta lanean jarraitu zuten, berdinketaren golaren bila. Eta makina bat gol aukera izan zituzten, bereziki azkeneko minutuetan, Victoria ia bere arean sartuta. Horietan garbiena, penalti bat, 83garren minutuan: ezkerreko aldera jaurti zuen Berezik, behera, zutoinaren ondora; baina intentzioa asmatu zion atezainak.

Ez zuten amore eman hernaniarrek, eta bere area barruan ito zituzten galiziarrak. Oso gertu izan zuten berdinketaren gola, behin eta berriro, baina aukera guztiak gelditu zituzten galiziarrek. 95garren minutuan adierazi zuen partiduaren bukaera epaileak, eta zelaian etzanda geratu ziren jokalari berde gehienak, penaren penaz. Eskuetatik ihes egin zien ametsak: ez da lehenengo mailako talderik izango Zubipen Errege Kopako hurrengo fasean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!