«EH Bilduk inoizko biderik garestiena jarri du martxan»

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 18a, 00:00

Cominter, Landare, Zubipe eta Karabel inguruan bidea berritu dute, eta EAJ-PNVk ikertuko du ea EH Bilduk diru publikoa «xahutu» duen ala ez.

EAJ-PNVk helarazi du hainbat eskaera egin dizkiola Udalari aurkeztutako proposamena aztertzeko. Dena den, salatu dute ez dutela Xabier Lertxundi alkatearen erantzunik jaso eta, beraz, diote, EH Bilduk «inoizko biderik garestiena» jarri duela martxan.

Alderdi jeltzaleko Andoni Amonarraiz bozeramailearen ustez, joan zen azaroaren 11ko Tokiko Garapena Batzordera eramandako proposamena ikusita, «agerikoa da alkateak ez diola jaramonik ere egin EAJ-PNVk egindako eskaerari: Floridako tuneletik proposatzen dugun irteera baliozkoa den ziurtatzeko oinarrizko azterketa bat egitea eskatu diogu. Gure ingeniaritza-estudio txikiak hala dela ziurtatzen digu».

Era berean, hauxe azaldu du Amonarraizek: «ez dugu ulertzen gure proposamenaren kostua eta bide bakoitzaren behin betiko eraginak jakiteko azterketarik ez egitea. Hori egingo balute, emaitzak guztion ongizatearen ikuspegitik aztertuko lirateke; eta ez, berriz, EH Bilduren jarrera itxitik eta alderdikoitik. Floridako egungo tunela haunditzeko proposamena aztertu nahi ez dutenez, geure buruari ondorengo galdera egiten diogu: Norbaitek irabazirik jasoko ote al du bide hau egiteagatik bestea egin beharrean? Egia esan, ez dakigu zer pentsatu».

 

«Afekzioak sekulakoak dira»

EAJ-PNVk uste du EH Bilduren proiektuak arriskuak dituela. «Arau Subsidiarioen dokumentuan agertzen den planoa aztertuta, eta Cominter paper-fabrikako pabiloi bat zeharkatzen duen ondorengo proposamena ikusita, ikusi dugu afekzioak sekulakoak direla. Cominter paper-fabrikan eragina izan dezake bide berriak, eta, ekoizpena gelditu beharko balute, enpresa ixteko arriskua egongo litzateke; Karabeletik eta Landaretik igarotzen den trafikoari ere eragingo dio; futbol eta errugbi klubarentzat arauzko zelai bat egiteko aukera egongo litzatekeen lursailaren zati bat ere okupatuko luke bideak, eta, ondorioz, zelaiak ez lirateke bertan sartuko; eta, amaitzeko, bidea askoz ere luzeagoa da, eta, gainera, bi biribilgune aurreikusten dira».

 

Xahuketa dagoen ala ez aztertuko du alderdi jeltzaleak

Horregatik guztiagatik, diote, «askoz garestiagoa» izango litzatekeela EH Bilduren proposamena. «Zergatik ez da egiten EAJ-PNVk proposatzen duen bidearen oinarrizko azterketa, hain justu, Floridan dagoen tuneletik doana? Alderdi jeltzaleak aztertuko du ez ote den diru publikoa modu kontzientean xahutzen ari».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!