Antzerki Zikloko bigarren egunean, 'Shakespeare en Berlin' ikuskizuna

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 17a, 00:00

19:30etan emango diote hasiera, eta ordu eta laurden iraungo du. Bihar amaituko da egitaraua: 'Lubaki lainotsua' izango da, ordu berean.

Atzo eman zioten hasiera Antzerki Zikloari Ameriketako bidaia antzerkiarekin. Gaurkoan, berriz, Arden produkzioaren eskutik, Shakespeare en Berlin ikuskizuna izango da. Atzokoaren moduan, 19:30etan jarri dute horretarako hitzordua, Biteriko areto nagusian.

Berlin, 1930eko hamarkada

Obra hau 1933an Berlinen kokatutakoa da, eta zinemaren munduan murgilduta dauden hiru lagunen istorioa kontatzen du. Sinopsiak aurreratu duenez, 1930eko hamarkadako bizitza alaiaz gozatzen dute, naziek boterea eskuratzen duten arte. Hortik aurrera, antzerkiak pertsonaien ibilbidea kontatzen du, garaiko egoerari erreferentzia eginez. «Gau batean, gertaera batek hiru lagunen bizitza, harremanak eta patua aldatuko ditu. Basakeriak eta erokeriak zapaldutako gizarte baten bizi-iraupena eta balore etikoak azaleratzen ditu lan honek».

 

Sarrerak salgai daude

Antzerki Zikloko ikuskizunez gozatu ahal izateko, beharrezkoa da aldez aurretik sarrera erostea. Bi bide daude horretarako: Biterko leihatilan edo, bestela kultura.hernani.eus webgunean. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!