Hernani Errotzenek antolatuta hitzaldia izango da gaur, Biterin

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 16a, 00:00

Oiartzungo Beloaga gazteluaz arituko dira azaroaren 25ean.

'Catalunya, ausartu zen herria' izenburupean, 19:00etan emango diote hasiera. 

Hernani Errotzenek antolatuta, hitzaldia izango da gaur, Biterin, arratsaldeko 19:00etan. Gaztelaniaz gidatutakoa izango da, eta Catalunya, ausartu zen herria izenburupean, Koldo Martinez Garate arituko da hizlari lanetan. Analisi politikoa egingo du eta izandako bizipenak ere kontatuko ditu. Amaieran, gainera, solasaldirako tartea izango dute.

Kataluniako prozesu independentista aztertuko du Martinezek; «nola sortu zen eta nola irauli zen autonomismotik independentismora», aurreratu dute Hernani Errotzenekoek. Honelaxe antolatuko dute hitzaldia: «lehenik, urriaren 1eko mugarria; ondoren, Espainiaren oldarraldia, bortizkeriaren erabilera eta egungo beldurrak; eta, azkenik, alderdi politikoak, egungo egoera eta Consell per la Repúblicaren sortzea».


Beste bi hitzaldi datorren astean, Biterin

Gaurkoa aurkezteaz gain, beste bi hitzaldi izango direla ere aurreratu dute Hernani Errotzeneko kideek. Zehazki, hilaren 23an eta 25ean izango dira, Biteriko ikastaro gelan. Biak ordu berean izango dira, 19:00etan, eta euskeraz eskainiko dituzte.

Asteartean, Nafarroako Erresumaren inbasioa (1199-1200) izango dute mintzagai. Horretan, Iñaki López de Luzuriaga izango da hizlaria.

Ostegunean, aldiz, Oiartzungo Beloaga gaztelua jarriko du erdigunean Joxemari Iturrioz hizlariak. «Itsasoari begira eraiki zen gaztelu nafarra», deskribatu dute Hernani Errotzeneko kideek hitzaldien aurkezpenean.


'Ezagutu Hernani' lehiaketa

Azaroaren 29an emango diote ha­siera Ezagutu Hernani lehiaketaren seigarren edizioari, eta abenduaren 15era arte egongo da galderak erantzuteko epea. QR baten bidez irekiko dute parte hartzeko aukera, eta interneten bete ahal izango da galdetegia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!