Gaur emango diote hasiera Antzerki Zikloari Biterin, 'Ameriketako bidaia' ikuskizunarekin

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 16a, 00:00

Tanttaka teatroaren eskutik, antzerkia izango da gaur, Biterin, 19:30etan. Bihar, 'Shakespeare en Berlin' eta, etzi, 'Lubaki lainotsua', ordu berean.

Gaur hasiko da Antzerki Zikloa,  eta hiru egunez luzatuko da, ostegunera arte. Gaurkoan, Miren Arrieta eta Nerea Mazo igoko dira oholtza gainera, Ameriketako bidaia emanaldia eskaintzera. Egindako elkarrizketa batean, aktoreek aipatu zuten «tragikomedia musikala» dela gaurkoan Hernanin aurkeztuko dutena. Izan ere, antzerkia ez ezik, kantua eta zuzeneko musika ere izango ditu emanaldiak. Arratsaldeko 19:30etan hasiko da, eta euskeraz izango da, nahiz eta gaztelera eta ingelesa ere tartekatuko dituzten.

 

Komedia, tragedia eta, musika

Tragikomedia musikala baten gisa definitu dute gaurko antzerkia, eta, beraz, uztartuko dituzte komedia, tragedia eta musika. Ikuskizun dibertigarria izango dela ziurtatzen du sinopsiak. Jone eta Maria bi nerabe euskaldun dira eta AEBetara bidaiatuko dute ikasturte baterako. Elkarren artean oso desberdinak dira: Jonek amerikarren bizimoduari buruzko iritzi ona du; Mariak, berriz, yankeeekiko aurreiritzi negatiboak ditu. Aireportuan daudela, Jonek pasaportea eta maleta galduko ditu, eta poliziak atxilotu egingo du immigrante ilegala dela pentsatuta.

 

Sarrerak interneten eta Biterin

Antzerki Zikloko ikuskizunez gozatzeko, beharrezkoa da aldez aurretik sarrerak eskuratzea. Salgai daude, dagoeneko, gaurkoa eta datozen bi egunetakoak. Biteriko leihatilan edo internetez kultura.hernani.eus webgunean erosI daitezke, 8 euroan.

Bihar, Shakespeare en Berlin antzerkia izango da eta etzi, aldiz, Lubaki lainotsua. Biak ordu berean izango dira; arratsaldeko 19:30etan, hain justu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!