Aurreneko aldiz senior neskek eta senior mutilek garaipenak lortu dituzte asteburu berdinean

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 16a, 00:00

Hernaniko jokalaria baloia errematatzen.

Euskal Ligan, neskek 3-1 garaitu zuten Errioxako Bodegas Corral-Haro, eta mutilek ongi irabazi zuten (3-0), Bera Bera Bultz taldearen aurka.

Hernanik aste bukaeran jokatu dituen bederatzi partiduetatik, zazpi garaipen eta bi porrot besterik ez dituzte izan. Beraz, aste bukaera ona izan da. Senior mailan lehen aste bukaera izan da bi garaipenekin, eta ez da azkenekoa izango.

Senior neskek, Euskal Ligan, Errioxako Bodegas Corral-Haro taldea izan zuten aurrez aurre eta 3-1 irabazi zuten. Etxekoek partidu ona jokatu zuten, eta lehen jokoa erraz irabazi ondoren (25-12) hurrengo hiru jokoak borrokatuagoak izan ziren. Bigarren jokoa 25-21 irabazi, eta 2-0 jarri ziren hernaniarrak. Hirugarren jokoan hernaniarrak zerbait erlaxatu ondoren, 23-25 gailendu ziren errioxarrak eta laugarren jokoan erabaki zen partidua Hernaniren alde, (25-20). Garaipen ederra lortu du Aitor Lizarazuk zuzentzen duen taldeak.

Senior mutilek ere ez zuten barkatu Euskal Ligan Bera Bera Bultz taldearen kontra. Hasieratik ikusi zen partidua borrokatua izango zela baina etxekoak gehiago zirela, eta horrela izan zen azkenean: 3-0 irabazi zuen Eligio Rodriguezek zuzentzen duen taldeak. Hala ere, jokoak berdinduak izan ziren: 25-19, 25-18 eta 25-22. Oso garaipen ederra lortu zuten hernaniarrek, modu horretan sailkapeneko goiko aldean segitzeko. 


Jubenil neskek, galdu 

Jubenil mailan, neskek soilik jokatu zuten aste bukaeran, eta partidu txarra egin ondoren, ezin izan zuten gainditu Aldapeta Maria taldea, Donostian jokatu zen partiduan. Asko hobetu beharko dute hernaniarrek aurrerantzean, lehen postuetan egon nahi badute. Jokalari batzuen falta ere nabaritu zen baina orokorrean partidu txarra egin zuten neskek.


Hernanik kadete mailan lau talde ditu aurten eta hiru garaipen lortu dituzte asteburuan.


Hernani 1 taldeak 0-3 irabazi zuen Irunen, Txingudi BHI talderen aurka; Hernani 2 taldeak 0-3 gainditu zuen Ostadar, Lasarten; eta Hernani 3 taldeak ere ez zuen arazorik izan 0-3 gainditzeko Aldapeta Maria taldea, kasu honetan Donostian. Hernani 4 soilik geratu zen garaipenik gabe: Zarautzen jokatu zuen Lizardi taldearen aurka eta 3-0koa izan zen etxekoen garaipena. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!