'Ameriketako bidaia' antzerkiarekin emango zaio hasiera Antzerki Zikloari, bihar

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 15a, 00:00

Nerea Mazo eta Miren Arruti dira 'Ameriketara bidaia'ko antzezleak.

Euskerazko bi antzezlan eta gaztelaniazko bat dira aurtengo zikloaren proposamenak. Honako emanaldi hauek osatuko dute aurtengo Antzerki Zikloa: Ameriketako bidaia; Shakespeare en Berlin eta  Lubaki lainotsua.

Bihartik 18ra bitartean eskainiko dira Antzerki Zikloa osatzen duten hiru antzerki emanaldiak. Euskerazko bi antzezlan eta gaztelaniazko bat dira aurtengo zikloaren proposamenak. 

Bihar emango zaio hasiera Antzerki Zikloari, Tanttaka Teatroaren Ameriketako bidaia antzerkiarekin. Arratsaldeko 19:30etan hasiko da, Biterin.
Jone eta Maria izango dira protagonista nagusiak. Bi nerabe euskaldun dira eta Estatu Batuetara bidaiatuko dute ikasturte baterako. Oso ikuspuntu desberdinak dituzte. Aireportuan daudela, Jonek pasaportea eta maleta galduko ditu, eta poliziak atxilotu egingo du; «immigrante ilegaltzat jota». 

Lan honek, munduaren zabaltasuna eta herrialde eta hizkuntza desberdinak ezagutzeko aukera eskaintzen du, besteak beste. Erritmo biziko ikuskizuna da, pertsonaia aldaketa ugariak eta bizkorrak dituena, hain zuzen ere. Bestalde, euskera, gaztelania eta ingelesa tartekatzen ditu, eta kantu zein zuzeneko musikak leku garrantzitsua dute. 

Etzi, 'Shakespeare' gogora
Etzi, arratsaldeko 19:30etan, Shakespeare en Berlin antzezlana taularatuko da. Arden Produccionesek, Berlinen kokatuko du ikuslegoa, 1933garren urtean. Zinemaren munduan lanean diharduten hiru lagunen istorioa kontatzen da. 

30eko hamarkadako bizitzaz gozatzen dute, naziek boterea eskuratu arte. Hortik aurrera, pertsonaien ibilbidea aldatu egiten da. Basakeriek eta erokeriak zapaldutako gizarte baten bizi-iraupena eta balore etikoak azaleratzen ditu lan honek.

Azaroren 18an, ATX Teatroaren Lubaki lainotsua antzezlana eskainiko da. Arratsaldeko 19:30etan emango zaio hasiera, eta izen gabeko gerraren lubaki batean, soldadu beterano bati gertatutakoa kontatzen da. 

Sarrerak eskuragai
Antzezlan bakoitzerako sarrerak 8 euro balio du. Hala ere, bonoa egiteko aukera dago: 20 euro ordainduta, hiru antzerkiak ikusi daitezke. Sarrerak Biterin lortu daitezke edo kultura.hernani.eus webgunean. Oraindik gelditzen dira sarrera batzuk.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!