Aurrekontu proposamenean inbertsioak berreskuratzen dira

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 13a, 00:00
Xabier Lertxundi eta Isa Sánchez.

Udal Gobernuak 2022ko aurrekontuen proposamena aurkeztu zuen atzo publikoki, eta beste Udal taldeei ere aurkeztu zitzaien ostegunean, ikusi eta beraien proposamenak egiteko. 2022ko aurrekontua 31.048.000 eurokoa izango da eta 2021ekoarekin alderatuta %8,87 igoko da, 2.530.900 euro gehiago.

Xabier Lertxundi alkateak  aurkeztu zuen Isa Sánchez Ogasun zinegotziarekin batera. Honela banatzen da aurrekontua; Ereñotzuko auzoudalak 458.200 eurokoa izango du, iaz baino 106 mila euro gehiago, eta Udalak 30.589.800 euro, 2021ean baino  2.424.700 euro gehiago. 

2,5 milioiko igoeraren arrazoi nagusia Foru Aldundiak udalerriei bideratutako diru funtsaren igoera da, 1.940.000 euro eta zergetan, tasetan eta dirulaguntzetan sarrerak ere haundituko direla aurreikusten da. Covidaren ondorioz ezarritako murrizketak gainditzen ari direla eta, hainbat udal zerbitzuren jarduerak bere onera itzultzen ari dira. Hemen, 590 mila euro gehiago biltzea espero da.

Gastuak eta dirulaguntzak aurrekontuan 29.529.800 euro hartzen dituzte, 2021ean baino 1.152.700 euro gehiago eta inbertsioek 1.518.200 euro suposatzen dute, aurreko urtean baino 1.378.200 gehiago. Gogoratu behar da, pasa den urtean, Covidaren eraginez inbertsioak gutxiengora jaitsi zirela.

Honela, gastuak 917 mila euroko igoera izango dute. Udal zerbitzuak Covid-19aren aurreko egoerara itzuliko dira (jaiak, kultur ekintzak eta tailerrak berriro antolatuko dira,...). Hornigaien prezioaren gorakada (argindarra, gasolioa, gasa...). Kontratu bidezko zerbitzuetan ere gorakadak izan dira. Zerbitzu eta prezio egokitzapenak izan dira (Hiribusa, aseguruak, banketxearen zerbitzuak, komunen garbiketa, informatika IZFE, udalekuak, Gaztelekua, kiroldegikoak...). Uraren kanona eta hondakinaren kudeaketaren prezioak igo dira, Añarbe eta GHKko zerbitzuak garestitu dira.

Dirulaguntzak eta ekarpenak  235.800 euro igo dira. Igoko da etxebizitzak alokairuan hartzeko dirulaguntzetarako partida (53 mila euro). Eskaerak asetzeko 186 mila euro izango dira. Lokal hutsen negozioak jartzeko dirulaguntza 50 mila euro. Etxebizitzak birgaitzeko dirulaguntzak (energetikoki jasangarriak izateko) beste 50.000 euro. Beterri-Buruntza Mankomunitateari 77 mila euroko aportazioa. Amher, Musika Bandaren eta Txistulari Bandaren hitzarmenak berritu dira eta aportazioak igo.

 

Proiektuak martxan

Inbertsioak aurten igoera nabarmena izan dute. Ur hornidura eta saneamendua berritzeko erabiliko da, 422.200 euro guztira. «Zaharkituak daude instalakuntza batzuk eta beharrezkoa da» dio Xabier Lertxundi alkateak. Proiektu tekniko berriak ere abiatuko dira: kirol instalazioak, Osinagako zubia, Martindegiko euri urak, Portu-Kaxkoko igogailua, Galarreta-Errekalde arteko bidegorria eta zerbitzu sozialetako etxebizitzak birgaitu. Urumea ikastolaren eraikin zaharren eremuko Plan Berezia egingo da. Alkateak zioen bezala horietako gehienak proiektuak dira eta hasierako fasean daude, ez dira 2022an hasiko egiten, baizik eta azterketa teknikoak egingo dira. «Hasierako plan hauek ez dute luzitzen, saneamendu lanak ere ez dira ikusten, baina denbora behar izaten dute eta egin beharrekoak dira», azaldu zuen alkateak.

 

«Adinekoen arloak pisu haundia, aurrekontuetan»

Proiektu estrategikoen barnean Hernani Burujaberen barruan, prebentzioari lotuta, zaintza lanak duindu eta bakardadeari aurre egiteko etxez-etxeko laguntza zerbitzuan 290 mila euro gehiago bideratuko dira, langileen lan baldintzak hobetuko direlako, guztira 1.365 mila euro. Auzozaintzarako 260 euro bideratuko dira. Adinekoen bakardadeari aurre egiteko programa berria da eta aitzindaria Gipuzkoan. Energia berriztagarrien aldeko politiketan inbertsoekin jarraituko da (plaka fotovoltaikoak jartzea, energia komunitatearen sorrera...).

Adinekoen arloak aurrekontuan pisu haundia izango du eta adinekoen teknikariarekin, gizarte langilearekin, kultura teknikariarekin,digitalizazio teknikariarekin eta Zerbitzu Publikoak sailaren errefortzuarekin indartuko dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!