Gabarain apaizaren musika debekatu dute AEBetan, sexu-abusuak egotzita

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 13a, 00:00

Cesareo Gabarain meza eskaintzen.

Musikagile hernaniarra Espainiako Estatuan urrezko disko bat irabazi duen apaiz bakarra da.

Cesareo Gabarain apaiz hernaniarraren musika debekatzea erabaki du Los Angelesko artxidiozesiak, 17 biktimek Madrilgo eta Gipuzkoako Maristen ikastetxe batean sexu-abusuak egin izana salatu ostean, atzo El País egunkariak jakinarazi zuenez.

Gabarain Hernanin jaio zen 1936an, eta duela hogeita hamar urte hil zen, 1991n. Estatuko musika liturgikoaren egilerik ospetsuena da; izan ere, bereak dira mezetako abesti ezagunak, hala nola: Tú has venido a la orilla, Pescador de hombres eta Juntos como hermanos. La muerte no es el final lanaren konpositorea ere bada, 1981etik ereserki ofiziala, Indar Armatuetako eta estatu espainiarreko segurtasun kidegoetako hildakoen omenaldietan. 

Hala ere, euskal apaizak beste joera batzuk ere bazituen, oraindik ere bizi zenean ere salatu zirenak. 1978an, ikasle talde batek salaketa jarri zion Madrilgo Chamberí ikastetxe maristaren zuzendaritzan, sexu-abusuak egotzita. Dena den, El País egunkariak jasotzen duenez, beste ikastetxe batera bakarrik eraman zuten eta, hiru hilabete geroago, Joan Paulo II.ak Aita Santuaren ohorezko prelatu izendatu zuen.

Baina gertatutakoa gaurkotasunera itzuli da. Salaketa horien ondorioz, Iberiar probintzia marista, Madril kide duena, ikerketa bat abiaraztera eraman dute.
Hain zuzen ere, akusazio horiek aztertzen ari direlako hasi dira Gabarainen musikari betoak jartzen. Lehenik eta behin, Oregon Catholic Pressek egin zuen, apaizaren egile-eskubideen jabe denak, eta bere abestiak eta produktuak salmentatik kendu ditu abusuen gaineko ikerketa ebatzi arte. 

Jarduteko modu hori ez dator bat Espainiako Elizarenarekin; izan ere, Eliza ez da gai horretara sartzen, baina, oraingoz, ez dago Gabarainen musikari betoa jartzearen alde, Estatu Batuetan egin duten bezala.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!