Energiaren bueltan mintegia gaur, Oronan

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 13a, 00:00

Udalbiltzak antolatuta, 'Udal Proiektu energetiko komunitario eta burujabeak' aztertuko dira goiz osoan. 

Euskal Herriko udalerrietan energia burujabetza proiektuak sustatzeko helburuarekin, Udalbiltza Partzuergoak Udal Proiektu energetiko komunitario eta burujabeak mintegia antolatu du gaur, Hernaniko Orona Fundazioaren eraikinean. Hautetsiei, udal teknikariei eta norbanakoei zuzenduta dauden jardunaldietan, energia proiektuak abiatzeko beharrezkoak diren gako juridikoak eta burokratikoak landuko dira 09:30etatik 14:45etara.

Hernanitik, Xabier Lertxundi alkatea eta Mattin Aldaia zinegotzia joango dira. Mintegiak dagoeneko abian diren zenbait proiekturen erakusleihoak izango dira, hala Hernaniko eta Urarteko Energia komunitateak, Irurtzungo energia lanketa eta Hergaraiko Sugarai biomasa kooperatiba. Hitzorduko hitzaldi nagusiak Greziako esperientzia aztertuko du, Electra Energy Renewables kooperatibaren eskutik. Herrialde heleniarra aitzindaria izan da Europan, energia komunitateak arautzen lehenak izan baitziren 2018an, autokontsumoa sustatzeko eta pobrezia energetikoari aurre egiteko.


«Hamarkada hau gakoa»

Udalbiltzako lehendakari Jabi Asurmendik ekitaldi honen garrantzia azpimarratu du: «Hamarkada hau gakoa izango da ezinbestekoa den eraldaketa energetikorako bidean, eta beharrezkoa izango da energia iturriak ez ezik, energia kudeatzeko zein kontsumitzeko erak eta pentsaerak ere birplanteatzea». 

Horrez gain, «energia jendearentzat ezinbesteko zerbitzua den heinean, herritarren erabakimena eta energia baliabideen demokratizazioa ezinbestekoa» dela adierazi du. «Esperientzia horietatik ikasi, berraldatu, sortu, jakintza partekatu, gogoetak elkartrukatu eta gure herrietan antzeko esperientzia berriak martxan jartzeko» balioko du mintegi honek, bere hitzetan.

Hizlariak dira: Xabier Lertxundi, alkatea; Jabi Asurmendi, Udalbiltzako lehendakaria; Xabier Zubialde, ingeniaria; Ana Picallo, industria ingeniaria; Iñaki Vallés, Urarte kontzejuko Energia komunitateko lehendakaria; Mattin Aldaia, Hernaniko zinegotzia; Peio Harlouchet, Sugarai kooperatibako lehendakarikidea; Miriam Rodriguez eta Ignacio Navarro, Greziako Electra Energy kooperatibako lehendakaria eta proiektu-burua; Alazne Arruti eta Iban Lizarralde, GoiEner eta I-Ener kooperatibetako kideak;  Aitor Urresti, EHUko irakaslea; Maitane Arri, Ekologistak Martxan-eko kidea; eta Idoia Zulet, Arankoa abokatuak-eko kidea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!