Ikasgai guztietan bidelagun, herriko akademiak

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 13a, 00:00

London School of Languages akademiako irakaslea ikasleei azalpenak ematen.

Martxa hartuta daude, dagoeneko, Hernaniko akademiak. Aurtengoan ere, beso zabalik hartu dituzte  ziklo guztietako ikasleak. 

Ikasturte hasierarekin batera, irailean, martxa hartzen hasi ziren herriko akademiak. Eskolan lantzen diren edukiak barneratze aldera, urtero-urtero eskaintza zabala aurkezten diete bailarako herritarrei. Haurrak, gazteak zein helduak hartzen dituzte berean, eta, beraz, laguntza ematen diete Lehen Hezkuntzatik (LH) hasi eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH), Batxilergoko, Lanbide Heziketako (LH) zein unibertsitateko ikasleei.

«Bidelagun» lana egiten dute, izena eman dutenei hezkuntza prozesuan laguntza emateko, bidea errazteko eta edukiak behingoz  barneratzeko. Herritik mugitu gabe, Hernanin bertan Onddi eta Tilosetako Akademiak topa ditzakegu. Bakoitza berean espezializatua, gertuko arreta eskaintzen diete ikasle guztiei. 

«Zientziak dira gure fuertea»

Onddi akademiak ilusio bereziarekin hasi du aurtengo ikasturtea. Izan ere, bada berrikuntzarik aurreko urtearekin alderatuta: «aurtengo nobedadea da lokala aldatu dugula; orain arte Urbieta kalean egon gara, baina, aurrerantzean, Txirritan izango gara. Irisgarritasuna hobetze aldera egin dugu aldaketa, eta martxa hartuta gaude dagoeneko, beti bezala, ikasleak gurean jasotzeko prest», kontatu du Jonek.

Bestelakoan, aurreko urteetako dinamika jarraituko dutela kontatu dute. «Dinamika antzekoa izaten da urtero. Alegia, ikasleak akademiara etortzen dira eta eskolan lantzen ari diren hori azaltzen dute. Zeintzuk dira beraien zalantzak? Zertan lagundu dezakegu? Hori argitzen saiatzen gara eta bidelagun lana egiten dugu». 

Batik bat, zientzietan daude espezializatuta; «hori da gure fuertea». Horregatik, akademian, batez ere, adar horretako ikasgaiak lantzen dituzte. «Hau da, matematika, fisika eta kimika, eta abar. Hori horrela, lehen Hezkuntzako ikasleak baditugu ere, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleak dira gehienak. Izan ere, ikasgai horiek maila horietan lantzen dira gehienbat.  DBHko eskolek ordubeteko iraupena izaten dute eta Batxilergokoak, berriz, ordu eta erdikoak dira».

«Ez du esan nahi ikasle txarrak direnik»

Errefortzu klaseak jasotzen dituzten herritarrak ikasle txarrak ez direla azpimarratu dute akademietako kideek. «Akademian izena emateak ez du esan nahi ikasle txarrak direnik. Alderantziz, ikasleen perfila oso anitza da gurean. 10ak ateratzen dituzten ikasleak daude, zertxobait kostatzen zaienak, edo, besterik gabe, ikasketetan laguntza behar dutenak bestelako edozein zalantza argitzeko. Eta guk horietako guztiei luzatzen diegu eskaintza», zehaztu du Onddiko Jonek. 

Maila guztientzako saioak

Tilosetako Akademian ere maila guztientzako laguntza eskaintzen dute. Beraien nahia da ikasleak akademiara «gustura» joatea; «hau da, ikasgelako giro formaletik urrundu eta, konfiantzazko giroan, ikaslearen ikasketa prozesuan bidelagun izatea», adierazi dute. Onddikoak ere ados daude horrekin: «urtero gauza bera esaten dut, eta urtetik urtera zailagoa izango da esatea, baina akademiako irakasleak gazteak gara eta esango nuke horrek gertutasuna ematen diela ikasleei». 

Gainera, Onddin eta Tilosetan talde txikitan egiten dute lan, eskainitako arreta gertukoagoa izateko eta edukiak hobeto barneratzeko helburuz; «ge­hienez ere 4 ikasle izaten ditugu gelan, eta guztiak adin berekoak dira», aipatu dute Onddikoek. Tilosetako Akademian ere talde murriztuak izaten dira: «ikasleak adi egoten dira jende gutxiago badago, eta, horregatik, guk, gure aldetik, denbora ahalik eta ondoen aprobetxatzen dugu».

Urtero moduan, irakasleek argi dute eskolan eta akademian ez ezik, ikasleek lana etxean ere egin behar dutela. «Hori ezinbestekoa da; bestela, eskolan eta akademian landutako edukiak ahaztu egiten dira». Eta hori da, hain justu, eskola arrakastaren gakoa: lana, konpromezua eta motibazioa. Hori guztia lortzen laguntzeko prest daude herriko akademiak, ikasleak berean jasotzeko prest!

 

Onddi akademiako irakaslea eta ikasleak, errefortzu klase batean. 

Abantailaz josita, atzerriko hizkuntzak ikastearen eskaintza

Atzerriko hizkuntzak umetatik ikasteko aukera dago bailaran. Gainera, ikasitakoa sakontzeko, atzerrira bidaitzeko eskaintza ere badago. 

Atzerriko hizkuntzak ikasteko akademia mordoa daude bailaran. Gehienak ezagunak dira ingeleseko ikastaroak ematen dituztelako, baina eskaintza zabala da horietan ere, eta beste hainbat hizkuntza ikasteko aukera eskaintzen dute. 

Haurrentzat, gazteentzat eta helduentzat prestatutako akademiak dira, eta, beraz, interesa duen edonork eman dezake izena aurtengo ikasturtean ere. Izan ere, esaerak dioen bezala, inoiz ez da berandu ezer hasteko edo gauza berriak ikasteko. Kasu honetan, hizkuntza erdigunean jarrita, ikasleak jasotzeko prest daude London School of Languages, Kids&Us eta Morris akademiak.     

Atzerriko hizkuntzak ikastearen abantailak

Baina, zergatik da gomendagarria atzerriko hizkuntzak ikastea?

Kids&Us-eko kideek umetatik eskaintzen dute hizkuntza berriak ikasteko aukera, eta argi dute horren arrazoia. «Ingelesa ezagutzeak abantaila ugari ditu: batetik, lan-aukera gehiago eta hobeak izatea ahalbidetzen du;  bestetik, lasaiago bidaiatzeko balio du, izan ere, helmugako hizkuntza ezagutzeak edo gure bidaian aurkituko ditugun pertsonekin hizkuntza komun bat izateak asko errazten ditu gauzak edozein egoeratan; eta, azkenik, beste hizkuntza bat ezagutzeak pentsamodu zabalagoa eta irekiagoa izaten laguntzen du, elebidunek materia gris trinkoagoa dute, jarduera haundiagoa garuneko eremu jakin batzuetan, eta trebatuagoak daude arazoak azkar konpontzeko edo zereginak errazago aldatzeko».


Atzerrira, ingelesa sakontzera

Herrian bertan, eskolatik eta akademiatik kanpo, «zaila» izaten da ingelesa praktikatzea, «ez baitaude horretarako guneak», aipatu dute Morris akademiakoek. Horregatik, eskaintza zabaltze aldera, proposamen ezin hobea dute bailarako herritarrentzat: «iruditzen zaigu urte guztian ikasitakoa praktikan jartzeko modu oso egokia dela atzerrira joatea eta, bertan, trebezia guztiak aplikatzea. Alegia, entzumena, mintzamena, idazmena… denak. Hori horrela, eskaintzen duguna da ikasleak AEBetara edo Irlandara joatea. Bi bidaia izaten dira: ekaina bukaeratik uztaila bukaerara artekoak; edo, bestela, ikasturte osorako egonaldiak. Azken horiek AEBetan izaten dira; ikasleak bertako High School batera joaten dira eta estatubatuarrekin partekatzen dute egunerokotasuna». 


Azterketa ofizialetan, arrakasta

Arrakasta haundia dute London School of Languageseko ikasleek, irakasleek fin-fin prestatzen baitituzte; Teacher Training metodologiari esker, ikasleei kalitatezko hezkuntza eskaintzen diete; hori da, hain justu, akademia honen «konpromisoa». Horregatik, azterketa ofizialetan ederki aritzen dira ikasleak; «ikasleen %95ek ingeleseko azterketak gainditzen dituzte», ziurtatu dute. Hori ez ezik, Londonen ikasteak arlo profesionalean ere hamaika abantaila eman dizkie ikasleei. «Ikuspegi akademikotik, munduko edozein lekutan graduko eta graduondoko ikasketak egiteko aukera dute. Lanaren ikuspegitik, lan-aukera gehiago eskaintzen ditu, eta, batzuetan, erabakigarria da hautaketa-prozesuan; izan ere, enpresek positiboki baloratzen dituzte Cambridge titulua lortzeko ahalegina egin duten pertsonak». 

 

Morris Akademiako ikaslea, AEBetako familia batekin, udako oporretan. 

Kids&Us akademiako irakaslea ikasleei azalpenak ematen. Argazkia: Kids&Us

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!