Bizilagunak egitasmoarekin bat, herriko komertzioak

Kronika - Erredakzioa 2021eko azaroaren 13a

Bihar izango da Hernanin eta baita Buruntzaldeako beste hainbat herritan ere, Bizilagunak egitasmoaren IXgarren edizioa. Mahai baten inguruan bilduko dira familiak, eta, dinamizatzaile baten laguntzarekin, bazkaria egingo dute elkarrekin. Horrela, besteen kulturak ezagutu, elkarrizketak sortu eta harreman berriak egiteko aukera izango dute partehartzaileek.

Aurten, gainera, tokiko komertzioak jarri dituzte erdigunean,  horiek ere «harremanak egiteko eta elkarbizitza sustatzeko guneak direlako». Berriak Hernaniko Merkatarien eta Ostalarien Elkarteak argi dauka hori, eta «gogotsu» hartu du parte hartzeko gonbita. «Herriko dendetan elkarrizketak sortzen dira eta bertako jendea ezagutzeaz gain, hainbat kulturatako herritarrekin ere momentuak partekatzeko aukera ematen du herrian erosketak egiteak».
Elkartekoen esanetan, gainera, «gero eta aniztasun kultural haundiagoa dago komertzioetan». Izan ere, diote, «asko dira azken urteetan gugana jo duten etorri berriak, eta Elkarteak antolatutako proiektu guztietan inplikatu dira». Horrekin batera, adierazi dute «eguneroko lana» dela etorri berriei harrera egitea eta gizartean integratzea. «Batasunak egiten du indarra, eta elkarlanean lortuko dugu lankidetza». Horregatik, biharko ekimenean parte hartzeko deialdia luzatu diete herriko ostalariei eta merkatariei. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!