10 urte bete ziren larunbatean, Elorrabiko zubia erori zenetik

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 13a, 00:00

Elorrabiko zubia erorita, eurite bortitzen ondorioz.

2011ko azaroaren 6an izan zen Euskal Herriko historiako euriterik haundienetarikoa. Metro karratuko, 56 ordutan, 308 litro bota zituen.

10 urte bete ziren joan den larunbatean, azaroaren 6an, aspaldi Urumea bailarak ikusi duen uholde haundiena gertatu zenetik. Kronikak 2011ko azaroaren 7an argitaratu zuenez, «azken 20 urteetako uholderik haundiena» izan zen hura, 2011ko azaroaren 6koa. Portun, Karabelen eta Floridan, 40 etxebizitza ingurutara sartu zen ura, eta hainbat bizilagunek kiroldegian pasa behar izan zuten gaua, euritetik ihesi. Osiñagako zenbait lekutan ere kalte haundiak eragin zituen uholdeak. Hain justu, besteak beste, Elorrabiko zubia eraman zuen ezbehar naturalak. Zonalde horretan, baita ere, Altzueta, Iparragirre eta Elorrabi sagardotegietara sartu zen ura, besteak beste.

Gertaeraren eraginez, Hernani erdia argi gabe gelditu zen duela 10 urteko azaroaren 6an. Astigarragan ere, eta batez ere, Ergobin, eguerdirako urak hartu zituen bazterrak. Ondorioz, Hernanitik Ergobiko zubira bakarrik joateko aukera izan zen.

 

308 litro metro karratuko 

Historiako eurite haundienetarikoa zela aipatu zuen Rodolfo Ares Barne garai hartako sailburuak. Izan ere,  Añarbeko datuek azaldu zutenez, 308 litro bota zituen metro karratuan, 56 ordutan. Gainera, 10 miloi metro kubiko ur hartu zituen Añarbek, eta ateak erabat itxi zituen uholdearen momentu gogorrenetan. Urumeara bota izan balitu, %75 ur gehiago joango omen litzatekeelako ibaira. 

 

Kalteei aurre, auzolanean

Biharamun gogorra utzi zuen uholdeak. Zenbait etxebizitzatan, lokaletan eta garajetan ez ezik, kirol instalazioetan eta enpresetan ere sekulako kalteak  izan ziren. Luis Intxauspe alkate ohiak jakinarazi zuenez, poligonoetan egoera «kezkagarria» izan zen, «batez ere, Eziagon eta Ibaiondon».

Herritarrek auzolanean egin zioten aurre hondamendiari. Katiuskak eta txubaskeroa jantzi, pala hartu, eta jendea kalera atera zen laguntza eskaintzera eta kalteak konpontzera.

Portu auzoko bizilaguna, uholdeei begira, aterki azpian.

 

Karabel auzoko zenbait auto ur-azpian.

 

Zubipe eta Landare zelaiak, guztiz estalita.

 


 

 

Iparragirre sagardotegiko sagastia ur-azpian.

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!