'Belarri Bero, bai esan?' bigarren proiekzioa bihar eguerdian, Biterin

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 12a, 00:00

Joan den larunbatean izan zen lehenengo pasea, 'aurkezpen mundiala'. Bihar, berriz, bigarrena izango da Biterin, eguerdiko 12:00etan hasita. 

Zehar Kableak Belarri Bero, bai esan? websaila aurkeztu zuen joan den larunbatean, azaroaren 6an. Aurkezpen mundiala izan zen; herritarrak galaz jantzita, kamerak, photocalla... giro ederra izan zen Biterin.

Oraingo honetan, berriz, bigarren aurkezpena izango da. Bihar jarri dute horretarako hitzordua, eguerdiko 12:00etan, Biterin baita ere. Gonbidapenak eskuragai daude Biteriko leihatilan, bertaratu nahi duten herritar guztientzat.

Aitor Altuna, Uxue Amonarriz eta Uxue Bereziartua dira honen guztiaren sortzaileak. Lan bikaina egin du hirukote hernaniarrak, horixe bera ziurtatu baitzuen ikuslegoak pasa den larunbatean. Areto nagusia bete zen eta, proiekzioa amaitzean, zutik jarrita, txalo zaparrada artean agurtu zituzten websailaren zuzendariak. 


6 atal, guztiak jarraian

Denera, ordu eta 40 minutuko proiekzioa izango da. Hain justu, 15 minutuko sei kapitulu proiektatuko dituzte bata bestearen atzetik. Arazo ekonomikoak dituen linea erotiko batean murgiltzeko aukera izango dute ikusleek, barre-algaren artean aktoreekin dibertitzeko: Olatz Beobide, Dorleta Urretabizkaia, Olaia Gil eta Nerea Arriola. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!