Sortzaileen Azoka antolatu dute Doberak eta Kronikak abenduaren 18rako, Atsegindegin

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 12a, 00:00

Bailarako sortzaileei luzatu diete deialdia. Interesa dutenek idatzi 'kronika@kronika.eus' helbide elektronikora, azaroaren 22a baino lehen.  

Abenduaren 18a egun berezia izango da  Doberarentzat eta Kronikarentzat. Izan ere, Sortzaileen Azoka antolatu dute, elkarlanean, egun horretarako. Atsegindegin izango da, eta goiz osoan egongo dira ikusgai bailarako sortzaileen postuak. Baina, bertaratzen direnek zer aurkituko dute azokan?

Bada, denetarik izango da. Jakingo duzunez, irakurle, Urumea bailaran artista mordoa dago, eta, zorionez, horietako askok parte hartuko dute egun horretan. Bakoitzak bere mahaitxoa izango du, eta ikusgai zein salgai jarriko dituzte beraien produktuak. Hain justu, literaturako, joskintzako, musikako, gastronomiako, eta beste hamaika adarretako sortzaileak daude gurean. Hortaz, besteak beste, topatu ahal izango dira  eskuz egindako bitxiak, telazko poltsak, zapiak, bertako garagardoa, liburuak, diskoak, apaingarriak, eta abar.     


Deialdia, bailarako sortzaileei

Azokan parte hartzeko deialdia irekia da bertako sortzaileentzat, eta interesa dutenek zabalik dute izena emateko epea. Horretarako, idatzi kronika@kronika.eus helbide elektronikora. Postua musutruk jartzeko aukera izango dute sortzaileek, Doberaren eta Kronikaren helburua baita sorkuntza prozesuan bidea zabaltzea eta bailarako proiektuei ahotsa ematea.

Egun horretan, gainera, beste hainbat egiteko izango dira herrian, eta giroa, beraz, ziurtatua egongo da. Hain zuzen, goizean, Sortzaileen Azoka izango da eta, arratsaldean, berriz, Gabon girorako motorrak berotzeko, San Joan konpartsak erromeria antolatu du 18:30etan, Atsegindegin, Jeiki Hadi taldearekin.  20:00etan, aldiz, Eguberriko kontzertua eskainiko dute Musika Bandak, Umore Onak eta Ozenki abesbatzak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!