'Emakumeen Indarra' argazki erakusketa, abenduaren 5era arte

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 11a, 00:00
Astelehenean, giro goxo batean aurkeztu zuten 'Emakumeen Indarra' erakusketa.

Astelehenean aurkeztu zuten 'Emakumeen Indarra' erakusketa, eta abenduaren 5era arte ikusgai dago Kulturarteko Plaza Feministan.

Sorginlore elkarteak, Nagore Legarreta argazkilari hernaniarrarekin batera, hainbat emakume talderekin, proiektuan parte hartu duten pertsona bakoitzaren bizipenetatik abiatuta, irudiaren bidez indarra nola irudikatzen den hausnartu, partekatu eta aztertu dute. Honelako galderak eginez: Zure ustez, zer da indarra? Indartsua zarela esango zenuke? Zure ustez, oro har, indarra emakumeen berezko gauzatzat hartzen da? Zeri lotzen zaio? Zer lotura ikusten dituzu indarraren, ahultasunaren, ahizpatasunaren artean?

Prozesu honetan honako hauek hartu dute parte: Hernaniko Gizarte Berrikuntzako LHII, AEK, Hernani, AMHER elkartea, Elizaran ikastetxea, Izkali institutuarekin eta Campo Cretativo 0 lotutako emakumeen kultura-tailerra,  Uliako Lore Baratza eta Costa Ricako Colectiva Caminando.

Egileek, azaldu dute, lan honen emaitza dela astelehenean aurkeztutako argazki erakusketa. Eta oraindik bertaratu ezin izan duenak, aukera dauka abenduaren 5era arte, Emakumeen indarra argazki erakusketaz gozatzeko.

 

Mahai ingurua, azaroaren 23an

Argazki erakusketaz gain, Emakumeen indarra izeneko mahainguru bat ere antolatu dute, azaroaren 23rako. Arratsaldeko 18:00etan izango da Kulturarteko plaza Feministan. Hizlariak izango dira: AMHER, Colectiva Caminando eta Espazio Lunarra. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!