Belarriak berotuta, asteburu honetan ere websailaren proiekzioa Biterin

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 9a, 00:00

Aitor Altuna, Uxue Bereziartua eta Uxue Amonarraiz emozionatuta, jasotako txalo zaparradengatik eta harreragatik.

Bigarren proiekzio bat eskainiko da larunbat honetan, eta sarrerak dagoeneko eskuragai daude, Biterin.

Larunbat honetarako ere hitzordua jarri du Zehar Kablea sormen taldeak, pasa den asteburuan bertaratu ezin ziren horientzat. Eguerdiko 12:00etan jarri dute hitzordua Biterin, Belarri bero, bai esan? websaila ikusteko aukera eskainiz. Ordubete eta 40 minutuko iraupena izango du websailak, sei atalak ikusiko baitira.

Belarri bero telefono linea erotikoak arazoak ditu. Axun (Olatz Beobide), negozioaren nagusiak, isilpean darama afera, eta ez die ezer esan nahi Ines
(Dorleta Urretabizkaia), Garazi (Olaia Gil) eta Eider (Nerea Arriola) langileei. Hala ere, lehenago edo beranduago, mahaiaren bueltan bildu eta aurre egin
beharko diote errealitateari. Zehar Kableak jakinarazi du dagoeneko sarrerak eskuragai daudela, Biterin.

Barre algarak eta txaloak, pasa den larunbatean
Pasa den asteburuan, galaz jantzi ziren herritarrak, Belarri bero, bai esan? wesailaren proiekzioak ez zuelako gutxiago merezi. Goizean zehar, giro paregabean murgilduta, pote batzuk hartu ostean, Biterira abiatu ziren herritarrak, puntual, proiekzioa ikusteko irrikaz baitzeuden. Behin barrura sartuta, photocooletatik igaro ziren herritarrak, momentua izozteko gogoz. Argazkiak atera ostean, Biteriko areto nagusira sartu eta bakoitza bere lekuan eseri zen. Zehar Kablea taldeko Aitor Altuna, Uxue Bereziartua eta Uxuea Amonarraiz kideak agertu bezain laster, txalo zaparradek bete zuten Biteri. Mikrofono
gabe, etxean egongo balira bezala aurkeztu zuten Belarri Bero bai esan? websaila; «etxekoak zarete, eta eskerrik asko harreragatik» adieraziz. Barre eta algara artean amaitu zen proiekzioa, eta herritarrek eskainitako txalo zaparradek, Zehar Kableko hiru kide hernaniarrak emozionatzea eragin zuen. 

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!