«Datorren asteazkenean, ikusleen bultzada ezinbestekoa izango da Victoriaren aurkako partidua irabazteko»

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 9a, 00:00

Axel Sanz hernaniarra Aretxabaletaren aurkako norgehiagokan, Zubipen.

Hitzordu garrantzitsua dauka CD Hernanik hilaren 17an: Erregearen Kopan arituko da, lehenengo faseko kanporaketan. Autobusa antolatu du klubak, herritarrentzat. Izena eman daiteke ostiralera arte, Zubipen eta Riojan.

Erregearen Kopan ariko da CD Hernani, eta datorren asteazkenean dauka lehenengo zita. A Coruñara bidaiatuko du Ohorezko Erregional mailako taldeak, Victoriaren aurka indarrak neurtzeko. Arratsaldeko 19:30etan jokatuko dute norgehiagoka, Visma zelaian.

Galiziarrei aurre egiteko, zaleen babesa izatea «ezinbestekoa» izango dela azpimarratu du Martxelo Ezponda klubeko lehendakariak. Horregatik, autobusa antolatu dute asteazkenerako, mutilei bultzada eman eta etxetik kanpo garaipena lortzeko.

Izena eman daiteke Rioja tabernan edo Zubipen

Bolo-bolo dabil herritarren WhatsAppean izena emateko mezua. Rioja tabernara bertaratuta edo Zubipeko kantinan egin daiteke, eta «autobusa betetzen bada», prezioa 50 eurokoa izango da. «Autobusa betetzeko erronka da zaleek jokatzen duten partidua», aipatu dute klubekoek.

Ezpondak zuzenean bota die mezua zaletuei: «aurten lesio dexente izan ditugu eta, alde horretatik, taldea nahiko ahul dago. Nolanahi ere, jokalariak dena ari dira ematen; preferentetik igotakoak eta lehenengo taldekoak, guztiak. Horregatik, ikusleen bultzada ezinbestekoa izango da Victoriaren aurkako partidua irabazteko».

Eta badirudi dagoeneko hasi direla zaleak galdezka, ea bidaia nola antolatu duten jakiteko. «Batenbatek esan zidan ordutegi horretan ezin izango zuela abiatu, baina bere autokarabanan joango zela A Coruñara», kontatu du Martxelok.

Jokalariak, entrenatzaileak eta zuzendaritza, bezperan

Ikusleak asteazkenean abiatuko dira, baina protagonistek asteartean egingo dute bidaia: «jokalariak, entrenatzaileak eta zuzendaritzako zenbait kide bezperan abiatuko gara A Coruñaruntz, beste autobus batean. Bazkaldu ondoren irte­teko asmoa dugu, 14:00ak aldera. Hortaz, hara iritsiko gara afaltzeko orduan, 22:00ak aldera. Hotel berean egongo gara guztiok, zelaitik gertu dagoen batean, eta, afalostean, txintxo-txintxo, ohera joateko ordua izango da. Hurrengo egunean, asteazkenean, esnatu, gosaldu, entrenamendu lasaia egin eta, konturatzerako, bazkalordua hel­duko da. Deskantsatzeko tartea izango dute jokalariek eta, ondoren, partidura!», azaldu du lehendakariak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!