Berriozarren ezin, Euskal Ligako mutilek

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 9a, 00:00

3-1 galdu zuen Hernanik, Navarvolei taldearen kontra. Gainerako mailetan, lau partidutik hiru irabazi ditu Hernanik.

Gogotik egin behar izan zuen lan Navarvolei taldeak, azkeneko bi urteetako txapeldunak, Hernani mendean hartzeko, mutilen Euskal Ligan. Baina azkenean, saririk gabe bueltatu ziren hernaniarrak Berriozartik (3-1).

Aurreneko bi jokoetan, ezinean aritu ziren Eligio Rodriguezen mutilak, eta 25-15 eta 25-18 nagusitu zen Navarvolei. Baina hortik aurrera, bere maila onena erakutsi zuen Hernanik. Erraz irabazi zuten hirugarren jokoa (13-25), partidua bizirik mantentzeko; eta gogotik estutu zuten Navarvolei laugarrenean. Azkenean, ordea, talde nafarra nagusitu zen (25-23).

Taldean aldaketa ugari izan ondoren, oraindik bere joko onena lortu ezinik dabil Hernani; baina ziur daude, denboraldiak aurrera egin ahala, partidu ederrak jokatuko dituztela.

Gainerako kategorietan, lau partidu jokatu zituen Hernanik; eta horietatik hirutan lortu zu­en garaipena.­ 0-3 irabazi zuten mutil jubenilek, Goierriren kantxan. 23-25, 13-25 eta 19-25 nagusitu ziren hernaniarrak. Hasi berriak izanik, ikasten ari dira, baina bitik bi irabazi dituzte.

Neska kadeteetan, berriz, jo­katutako bi partiduak irabazi zituzten, partidua hasieratik ondo bideratuta. Fortuna 2 hartu zuen mendean Hernani 1 taldeak, nagusitasun haundiz: 25-16, 25-10 eta 25-18. Eta erraz nagusitu zen Hernani 3 ere, Herrikide Bren kontra: 25-12, 25-11 eta 25-14. Hernani 4 taldeak, aldiz, ez zuen jokatu, Herrikide A ez zelako azaldu, jokalari asko gaixo zituela eta. Azkeneko unean jakinarazi zuten, eta lehiaketako epaileen esku dago emaitza, orain.

Eta neska infantiletan, azkenik, galdu egin zuen DBH Hernani 2 taldeak, Herrikide Tolosa B taldearen kantxan. Azkeneko laurdenean bakarrik izan ziren gai, kontrarioei aurre egiteko 25-14, 25-11 eta 25-18.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!