Maila ederreko finalek girotu zuten larunbateko goiz hotza Tilosetan, tanto ikusgarriekin

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 9a, 00:00

Aurtengo Tilos 7 Pasa pala txapelketako finaleko protagonista gehienak, larunbateko sari banaketan.

Larunbatean ezagutu ziren aurtengo Tilos 7 Pasa pala txapelketako irabazleak: lehenengo mailan, Albiasu eta Erburu; bigarren mailan, Murillo eta Berrio; nesketan, Mazizior eta Kerejeta; eta herrikoian, Polaina eta Arregi.

Eguraldiak baimendu zuen, azkenean, aurtengo Tilos 7 Pasa pala txapelketako finalak jokatzea. Larunbat goizetik hasita eguerdira arte luzatu ziren partiduak, eta giro polita izan zen Tilosetan, herritar mordoa gerturatu baitzen txapela nortzuk eramango zuten ikustera.

 

Txapela, norentzat?

Aurten, denera, 56 bikotek parte hartu dute lau kategoriatan banatuta: herrikoia, neskak, lehenengo maila eta bigarren maila. Azken horiek eman zioten hasiera larunbat goizeko egitarauari. Murillok eta Berriok aurrez aurre izan zituzten Paulo eta Xuban, eta markagailua 22-16 itxi zen lehenengo bikotearen alde. Maila horretan 30 bikote lehiatu dira aurtengoan; urtero bezala, partehartzaile gehien bildu dituen maila izan da.

Finalei jarraipena emateko, nesken txanda heldu zen ondoren. Maziziorrek eta Kerejetak jantzi zuten txapela, 22-15 irabazi baitzuten Urienen eta Ansotegiren kontra. Aurten, 5 bikotek eman zuten izena kategoria honetan, eta denen artean onenak izan dira bi hernaniarrak.

Neskena amaituta, herrikoien finalari ekin zioten. Kategoria horretan, aurte, 9 bikotek eman dute izena. «Esperotakoa baino gutxiago» izan badira ere, hernaniar gehien bildu dituen maila izan da, eta horixe bera ikusi zen finalean; giro onean jarraitu zuten ikusleek norgehiagoka. Polainak eta Arregik indarrak neurtu zituzten Larburu eta Joanesen aurka. Lehia biziko norgehiagokaren ostean, 22-16 amaitu zen finala Polainaren eta Arregiren alde.

Amaitzeko, lehenengo mailakoek hartu zuten txanda. Aurtengoan, 12 bikote aritu dira kategoria gorenean, eta maila bikaina erakutsi dute guztiek, punta-puntakoa. Guztien artean, Albiasuk eta Erburuk lortu dute txapela irabaztea, 22-19 gailendu baitziren Zabala eta San Migelen aurkako norgehiagoka estuan.

Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete partehartzaile guztiei, «aparteko giroa» eta «momentu ahaztezinak» lortu baitituzte guztien artean, txapelketako hamargarren edizioan.

 

Murillo, larunbatean, bigarren mailako finalean.

 

Iñigo Arregi larunbateko herrikoien finalean, ikusleak atzean adi-adi dituela.

 

Enara Mazizior pelotari emateko prest,  atzean Kerejeta, Urien ta Ansotegi dituela.

 

Angel Erburu nafarra, lehenengo mailako partiduan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!