Gaur hasiko da Mendizale Astea Biterin, 'Urmuga' dokumentalaren emanaldiarekin

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 8a, 00:00

Donostiako Orfeoia, Orhi mendian, 'Urmuga' abenturaren etapa batean.

Iluntzeko 19:30etan jarriko dute, eta bertan izango dira Mattin Zeberio eta Felipe Uriarte, dokumentalari buruzko azalpenak emateko. Ostiralera bitarte, egunero antolatu du proiekzio bana Mendiriz Mendik, ordu berean Biterin.

Gaur emango dio hasiera Mendiriz Mendik, urteroko hitzordu nagusienetako bati: Mendizale Astea ospatuko dute, ostiralera bitartean. Eta horretarako, pro­iekzio bana prestatu dute egunero, 19:30etan hasita Biterin.

Urmuga dokumentala izango da aurrenekoa, gaur iluntze­an; eta bertan izango dira Felipe Uriarte eta Mattin Zeberio, dokumentalari buruzko azalpenak emateko. Mendi eta musika abentura bat jasotzen du Urmugak. 19 etapako ibilaldia egin du­te, 2020ko uztailean hasita; eta ibilbidean zehar, hainbat forma­tutako 10 kontzertu eskaini dituzte, ingurune naturalean.

Bihar, berriz, Flora en las altas cumbres del Pirineo proiekzioa eskainiko dute Olatz Fernandezek eta Maria Jesus He­rrerosek. Landuko dute, nola eragin dezakeen mendizaleen presentziak eta klima aldaketak, mendirik altuenetan eta bertako biodibertsitatean. 2012an hasi zuten proiektua, eta Pirineoetako gailurrak izan dituzte aztergai.

Hurrengo bi egunetan, abentura bana ekarriko dute Biterira, gonbidatuek. Asteazkenean, Iran skiekin proiekzioa eskainiko du Ekain Alvarezek. Aurreratu du, herrialde ezezaguna dela, udara bero eta lehorrekin, baina negu hotz eta elurtsuekin: «hiru lagun eskiatzailek behar dutena».

Eta ostegunean, Unai Goiko­etxeak ekarriko ditu bere bizipenak, Costa Brava eta Rias Baixas piraguan proiekzioarekin.

Astea bukatzeko, Mendizale Asteko Argazki Lehiaketaren sariak banatuko dituzte ostiralean, 19:30etan Biterin. Eta ondoren, elkarteak urtean ze­har egindako jardueren irudiak proiektatuko dituzte bertan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!