Garaipen haundia trikoloreek, azken 20 minutuetan markagailua iraulita

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 8a, 00:00

Eñaut Gorostidi, Hernaniri garaipena eman zion entsaioa lortzeko unean.

29-14 nagusitu zen Hernani, Ourenseren kontra, bukaeran bere maila onena erakutsita. 7-14 ari zen galtzen, bukatzeko 20 minutu falta zirela.

Epaileak bukaera adierazi zuenean, jokalarien pozak eta zale­en txalo zaparradak argi eraku­tsi zuten hori: gogorra izan zen atzoko partidua, Landaren. Estu hartu zuen Ourensek Hernani, eta garaipena Galiziara eraman­go zutela ere bazirudien, 20 mi­nuturen faltan 7-14 aurretik zeudenean. Baina orduan erakutsi zuen bere maila onena Hernanik, eta markagailua erabat irauli zuen, 29-14 irabazi eta bost puntu eskuratzeko: garaipena eta erasoko bonusa.

Oso berdindua izan zen aurreneko zatia, eta Mattin Colladorena izan zen entsaio bakarra, ostikoz egindako pase bat aprobetxatuz, atsedenaldira au­rre­tik iris­teko (7-6). Oso bestelakoa izan zen bigarren zatia, or­dea; gorabeheratsua. Partidua irabaz­teko asmoz zelairatu zen Ouren­se, eta estu hartu zituen trikoloreak, ezinean. Horrela lortu zuten aurreneko entsaioa galiziarrek, 53garren minutuan. Eta berehala iritsi zen, partidua aldatu zuen jokaldia: falta gogorra egin zuen Ourensek, eta liskarra sortu zen jokalarien artean. Bi taldeak geratu ziren jokalari bat gutxiagorekin, eta erabakia aldatu zuen epaileak: zigor kolpea Ourenserentzat, zaleen protesta artean. 7-14 aurreratu ziren galiziarrak horrela. Baina jasotako kolpeak, Hernaniren onena atera zuen: sekulakoa izan zen trikoloreen erantzuna, eta maila ederrean aritu ziren, partiduaren bukaerara arte.

Jokoan erabat nagusitu, eta berehala lortu zuen entsaioa Pe­pelu Abeciak, 12-14 ger­turatzeko. Jaun eta jabe izaten jarraitu zuen Hernanik, baina 73garren minu­tura arte itxaron behar izan zu­en, merezitako saria ja­so­tzeko. Maul batekin aurrera egin, ezker hegalera zabaldu, eta Eñaut Goros­tidik lortu zuen entsaioa, markagailuan aurrea hartzeko (17-14). Tartea txikia zen, baina ez zioten aukerarik eman Ourenseri, beste bi entsa­io lortu baitzituzten segidan: Aimar Gorrotxategiren korrikaldi luzearekin bat, eta maul eder batean epaileak zi­gor entsaioa adierazita bestea. Horiekin es­ku­ratu zuten erasoko bonusa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!