Arte sorkuntzarako bekaren 2021eko deialdia zabalik, abenduaren 4ra arte

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 7a, 00:00

10.000 euroko partida bideratu du Hernaniko Udalak dirulaguntza horretara. Arte plastikoak ez diren diziplinei zuzendutakoa da aurtengoa.

Beste urte batez, arte sorkuntza sustatzeko beka deialdia zabaldu du Hernaniko Udalak, herriko artistei sorkuntza eta ekoizpen prozesuetan laguntzeko. Eta dagoeneko zabalik dago epea, 2021eko deialdi honetan proposamenak aurkezteko. Aste honetan argitaratu dute deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta hilabeteko epea izango da, abenduaren 4ra arte.

Urtero bezala, 10.000 euroko partida bideratuko du Udalak horretara; eta aurtengo deialdia izango da arte plastikoak ez diren diziplinei zuzendutakoa: zinema, ikusentzunezkoak, argazkilaritza, dantza, literatura, musika, antzerkia... Izan ere, bi urtetik behin arte plastikoen proiektuak diruz laguntzen ditu Udalak, eta gainerakoetan, bestelako arte adierazpenak.

Aurkeztutako proiektu bakoitzak 6.000 euroko aurrekontua izango du gehienez, zerga guztiak barne hartuta. Horrela, proposamen batek baino gehiagok jaso dezake dirulaguntza, 10.000 euroko diru partida bukatu arte.

Beka deialdira aurkezteko interesa dutenek, Udalaren web orrian daukate informazio guztia eskuragarri (hernani.eus edo kultura.hernani.eus); eta baita udaletxean bertan ere, Herritarren Harrera Zerbitzuan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!