Hernani Errege Kopan ikusteko, A Coruñara autobusa antolatu du taldeak zaleentzat

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 7a, 00:00

Zaleen babesa eskatu du taldeak.

Azaroaren 17an, goizeko 08:00etan abiatuko da, eta partiduaren ondoren bueltatu. Zubipeko kantinan edo Rioja tabernan apuntatu behar da.

Ez da nolanahiko partidua izango azaroaren 17koa, CD Hernanirentzat: Errege Kopan ariko da, Victoria taldearen kontra, lehenengo faseko kanporaketan. Ez dira Zubipen ariko, ordea, A Coruñan baizik. Eta horregatik, inoiz baino ozenago egin diete deia zaleei, mutilen talde nagusia animatzera joateko. Horretarako, autobusa jarri du CD Hernanik, A Coruñara. Partiduaren egunean bertan, Atsegindegitik abiatuko da goizeko 08:00etan; eta partiduaren ondoren egingo dute bueltako bidea.

«Autobusa antolatu nahian gabiltza, gure jokalariek zaleen berotasuna izan dezaten A Coruñan», azaldu du CD Hernanik: «beraz, Galiziarako autobusa betetzeko erronka da zaleok jokatzen dugun partidua», animatu dituzte herritarrak.

 

Izenematea ostiralera arte, Zubipen eta Rioja tabernan

Joan nahi duenak, datorren ostiralera arte dauka izena emateko aukera. Zubipeko kantinan edo Rioja tabernan egin daiteke, eta 50 eurokoa da prezioa, autobusa betez gero.

Ez da nolanahikoa, berdeek A Coruñan lortu dezaketen saria. Victoria menderatuz gero, etxean jokatuko luke Kopako bigarren fa­se­ko partidua Hernanik; eta kontrarioa goi-mailakoa izango litzateke, ziur: Espainiako lehenengo mailako talde baten kontra jokatuko lukete hernaniarrek, Zubipen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!