«Espero dut lehen taldearekin jokatzea laster, aurtengoa baita salto egiteko momentu paregabea»

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 6a, 00:00

Iker Aduriz hernaniarra, Aviron Bayonnais taldean dago gaur egun, eta sei urte daramatza bertan, «gustora».

Baionan bizi da Iker Aduriz errugbilari hernaniarra, eta dagoeneko Aviron Bayonnais taldean 6 urte daramatza. Adierazi du, lehen taldera igotzeko gogoz dagoela: «baina momentu honetan biharko partiduan zentratuko naiz; izan ere, irabaztea dugu helburu nagusia».

Sei urte daramatza Iker Aduriz hernaniarrak Aviron Bayonnais taldean jokatzen. Bihar, selekzioarekin, atzeratutako Europako txapelketa jokatu du, sub 20 kategorian. Alemania izango dute aurkari Portugalen, Coimbran, hain zuzen ere. Gogoz dago eta Baionan bizitakoaren berri eman dio hernaniarrak Kronikari.

 

Duela bi urte, bigarren postuan gelditu zineten sub 18 kategorian. Aurtengo helburua horren antzeko emaitza lortzea da?

Bai, helburua irabaztea da egia esan. Dauden taldeen artean indartsuenak gara. Gu bakarrik ez noski, Portugal ere badago, eta talde potentea osatzen dute. Aurten esan daiteke irabaztera goazela. Pixkanaka-pixkanaka joan behar dugu, partiduz-partidu, baina tira, irabazteko gogoz gaude eta dena emateko prest.

 

Biharko beraz motorrak berotuta, eta prest ezta?

Bai hori da, Alemaniaren aurka daukagu biharko partidua eta indarrez goraino gaude.

 

Alex Saletari buruz, nongoa da? Zer moduz moldatzen zara berarekin entrenatzen eta jokatzen?

Alex lasartearra da, eta egia esan harreman polita daukagu, badaukagu konexio berezi bat. Gainera Baionako taldean jokatzen du nirekin batera, eta horrez gain, berarekin bizi naiz, pisukideak gara. Berak ere 20 urte dauzka, nire kintakoa da.

 

Hernaniarrik badago zurekin Baionan?

Ez, duela bi urte Xabier Lukas Hernanira itzuli zen, eta momentu honetan Hernaniko taldean dabil jokatzen, baina egin ditugu denboraldi batzuk elkarrekin, Aviron Bayonnais taldean. Baionara iritsi nintzenetik Xabier Lukasekin egon nintzen jokatzen, esan bezala, duela bi urte arte.

Konfinamendu ostean, bera Hernanira itzuli zen, eta bertan dago orain, bizitzen eta jokatzen. Nik berriz hemen jarraitzen dut, Baionan. Eta geroztik ez dugu batera jokatu.

 

Lehenengo aldia da pandemia ostean selekzioarekin jokatzen duzuna?

Bai, biharkoa lehenengo aldia da. Pasa den urtean, suspenditu egin ziren txapelketak. Hori horrela, kontzentrazioak ez genituen egin. Eta hain justu, aurtengoa da pasa den urteko txapelketa atzeratua.

 

Sub 20arekin ari zara jokatzen aurten..

Hori da, eta berez ezin dut. Nik kategoria hau pasa dut dagoeneko. Baina gertatu dena da, pasa den urteko txapelketa dela, eta horregatik jokatu dezaket, nahiz eta aurtengo denboraldian 21 urte egingo ditudan, atzeratutako txapelketa bat da, eta jokatu egin behar genuen. 

 

Egin duzue lehenago kontzentraziorik?

Bai, irailean egin genuen bat, lehenengo astean, astebete egon ginen.  Asteartean, Valladolidera joan ginen, eta bertan egingo dugu egonaldia. Hala ere, ostiralean etorri ginen Coimbrara, Europako txapelketa dela eta.

 

Zer moduzkoa da Bayonnais taldea, ondo moldatzen zara?

Egia esan oso ondo eramaten naiz taldekideekin. Egia da, dagoeneko ohituta nagoela, izan ere, sei urte daramatzat Baionan jokatzen. Pasa den urtetik, hemen nago bizitzen, Baionan. Egon ziren urteak, Hernanitik Baionara, eta buelta, astero egiten nuela.

Pasa den urtean, Baionara bizitzera joatea tokatu zitzaidan, eta halaxe egin nuen. Egia esan oso gustura nago, taldekideekin oso ondo, frantsesa ere dominatzen dut apur bat, lotsarik gabe hitz egiten dut orain. Biarritzen gainera, beste euskaldun batzuk badaude. eta haiekin asko egoten naiz, arratsaldeetan hondartzara joaten gara, besteak beste.

 

Zenbat euskaldun daude taldean?

Bayonnais taldean bi gara euskaldunak, Biarritzen daude hiru eta Madrilgo bat; lagun talde polita osatu dugu.

 

Sub23an jokatzen duzue...

Hori da, Espoirs kategorian jokatzen dugu.

 

Entrenatzen duzu lehenengo taldearekin?

Abuztuan esan zidaten jendea behar zutela, eta hor entrenamendu pare bat egiteko  igo ninduten. Hor, badirudi gustura gelditu zirela nirekin, beraz, egon nintzen abuztuan lehenengo taldearekin entrenatzen.

 

Hemendik gutxira, zure burua lehenengo taldean ikusten duzu?

Bai, gogoa daukat eta pentsatzen dut maila eman dezakedala. Gainera, aurtengoa da salto egiteko momentu paregabea, eta espero dut lehenengo taldearekin jokatzea egia esan. 

 

Hernanitik zatoz... taldea jarraitzen duzu?

Bai Hernani jarraitzeko ohitura dut noski. Pandemiaz geroztik, ez naiz asko jaisten Landarera. Baina jarraitzen dut. Aurten gainera oso talde potentea daukate Ohorezko B Mailan, eta uste dut, igotzeko aukerak badituztela. Egia da inguruko taldeak ere gogorrak direla, Getxo adibidez. Hala ere, Hernanik esperientzia du lehenengo mailan, beraz, hor aukera ona dauka.

 

Aurrera begira zer daukazu pentsatua Iker?

Helburu gisa lehenengo taldera iristea, eta zaila bada ere, ez da ezinezkoa. Beraz, horixe da nire asmoa, lanean jarraitzea nire helburuak lortzeko.

Selekzioko kideekin ere ederki eramaten da Aduriz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!