Zimbabwen ikusi eta ikasitakoa

BERRIA 2021ko aza. 5a, 15:29

Zimbabweko egonaldiak 19 egun besterik ez ditu izan. Horietako 9 soilik bizikletaz, 871 km eginez. Etorri aurretik, eguneko 40 – 50 km egitea genuen pentsatua eta ia 100 km egin ditugu etapako bataz beste… Nabari da bidaiaren hasiera dela eta motibatuta gaudela! Gainontzeko hamar egunak bi GKE bisitatzeko, deskantsatzeko eta Zimbabweko kultura ezagutzeko erabili ditugu. Turismo pixka bat egiteko tartea ere aurkitu dugu. Zukua ondo atera diegu egun guztiei.

Ibilbidea

Ibilbide guztia errepide nazional nagusietatik egin dugu. Europako errepide nagusietan debekatua dago bizikletarekin ibiltzea, errepide alternatiboak edo bidegorriak daude horretarako. Hemen ordea ez dago ibilbide alternatiborik. Aukera bakarra dago hiri batetik bestera joateko.

Bidaiaren lehen zatian, Beitbridgetik Masvingora egin genuenean, kotxea hartu behar izan genuen segurtasuna ez genuelako bermatua. Trafiko asko eta errepide estua.

Gainontzeko ibilbide guztian errepide onak topatu genituen eta trafiko oso gutxi, zorionez. Bizikletaz ibiltzeko kondizio paregabeak. Horri aldaparik ia ez dugula izan eta haizea askotan alde izan dugula gehitzen badiogu… Eguneko bataz bestekoa hain altua izatearen arrazoiak. Ez pentsa forma fisiko hobea dugulako izan denik!

Errepide horietan ere bidesariak daude, noizbehinka. Baina erabat desberdinak dira. Europan auto-ilarak eta bozina hotsa besterik ez da ikusi eta entzuten inguru horietan. Hemen ahuntzak paseoan eta baserritarren bat fruta saltzen. 

Errepideak parke naturalen ingurutik pasatzen dira, baina hemen ez ditugu Hegoafrikan ikusten genituen hesi altu horiek ikusi. Esan digutenez parke naturaletan elefante, lehoi, hipopotamo eta klase guztietako animaliak bizi dira. Baina, ez omen dira errepidera gerturatzen egunean zehar. Iluntzean soilik, tenperatura pixka bat freskatzen denean. Eguneko beroa txarra da bizikletaz ibiltzeko, baina lehoiren batekin elkartu baino nahiago dugu 40 gradutan pedalei eragin!

Bitxia iruditu zaigu bide bazterretan guztiz txikitutako dozenaka auto ikusi izana. Dirudienez auto istripu larriak izaten direnean ez dituzte autoak jasotzen eta bertan uzten dituzte.

Jana

Egunerokoan bi modu ezberdinetan egin ditugu otorduak. Batetik, supermerkatuan erosi eta gure sukaldea erabili. Bestetik, herriko jatetxe tradizionaletan jan. Esperientziarekin ikasi dugu bigarren aukera dela eroso eta merkeena hemen. 5 euro baino gutxiagoren truke platerkada on bat jaten da horrela. Normalean aurretik aipaturiko Pap gari masa, haragia eta barazkiren bat izaten dira plater honetan. Tripa ondo betetzea ziurtaturik izan dugu.

Supermerkatuetan etxean aurkitzen ditugun ia produktu guztiak daude. Baina inportatuak dira eta oso garestiak. Txokolate barra txiki batek 5 eurotik gora balio dituela esanda, ulertuko duzue zergatik aukeratu dugun jatetxeetan jatea.

Horrez gain, tomateak eta platanoak errepide bazterretako merkatu txiki guztietan aurkitzen genituen. Hain eskura izanda eta hain onak egonda, gure dietaren parte nagusi bat izan dira.

Pobrezia

Askotan esan digute gure ibilbideko estatu pobreena edo ekonomikoki ahulena dela Zimbabwe. 19 egun gutxi dira hori baieztatzeko, baina herrialde azpigaratua dela garbi ikusi ahal izan dugu.

Guretzako hain oinarrizkoa den dutxa adibidez oso zaila da aurkitzen hemengo herrietan. Kuboak erabiltzen dituzte horretarako. Hostatu edo hoteletan wifi konexioa izatea ere oinarrizkotzat dugu. Baina hemen egunak igaro ditugu wifi konexio bakar bat aurkitu gabe.

Adibide konkretuak dira bi hauek. Baina pobreziaren adierazgarri nagusia langabezia da. Zimbabwek unibertsitate formazio maila oso altua duen arren, ondoen prestatuta dagoen jendeak kanpora jo behar izaten du lan bila.

Azken hau lehen pertsonan entzuteko aukera izan genuen Hwange herrian ezagutu genituen bi baserritarren historiarekin. Hauek Master ikasketak dituzten hiru seme-alaba dituzte. Etxe inguruan lan egin nahi duten arren ordea, Dubain, Londresen eta Sidneyn daude dira.

Egoera gogorra bizi duten arren jende alaia eta atsegina ezagutu dugu. Interes handiz entzun dituzte gure abenturak eta eskuzabalak ere izan dira ahal den guztian laguntzeko prest azalduz. Jende ona ezagutzeko aukerak oroitzapen oso politak utzi dizkigu Zimbabwen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!