23-29 egunak: Victoria ur jauzien edertasunerantz

BERRIA 2021ko aza. 5a, 15:26

23. eguna: Bulawayo – Pululu (141km, +290m)

Bulawayotik, Victoria Fallserako ibilbideko lehen 200km-tan, mapak esaten zuenagatik behintzat, ez zegoen herririk. Egun bakar baterako kilometro asko direnez, tartean zerbait aurkitu behar genuen lo egin eta zerbait jateko. Ezer topatu ezean, errepidearen alboan eta erdi ezkutuan kanpina jartzeko aukera ere buruan genuen. Hala ere, azken honek beldur pixka bat ematen zigun, izan ere, parke natural baten ondoan ginen eta horrek animalia basatiak gertu zeudela esan nahi zuen.

Bidean gindoazela 90. kilometroan herrixka txiki bat topatu genuen. Gure helburua bertako herritarren bat ezagutu eta lur eremu batean kanpina jartzeko baimena eskatzea zen.  Pasatako asteetan Zimbabweko jendearen gertutasunak asko harritu gaituen moduan, iritsi berri ginen herri honek ez zigun sentipen onik eman. Ez ziren gerturatzen zertan genbiltzan edo nortzuk ginen galdetzera eta arraro samar begiratzen gintuzten. Harritu egin gintuen egoerak. Denda batean sartu ginen ur botila bat erostera eta dendariak hozkailua plastikozko botilez beteta bazuen ere ez zigula salduko esan zigun.

Aurrera jarraitzea erabaki genuen badaezpada. 50km sabana zeharkatzen igaro ondoren beste herri txiki bat aurkitu genuen. Eskerrak hurrengo herrikoek ondo hartu gintuzten eta bertan lo egiteko aukera eskaini ziguten!

24. eguna: Pululu – Gwanyi (122km, +395m)

Egun bakoitzeko etapa zein izango den erabakitzerako orduan Google Maps aplikazioan azaltzen diren herriak hartzen ditugu erreferentzia moduan. 122 km-tara Gwanyi izeneko herri bat zegoela agertzen zen. Txikia zirudien arren, bertan kanpina jartzeko aukera izango genuen hotel moduko bat zegoela esaten zuen aplikazioak. 

Hotelera iristean erorita zegoen egitura bat aurkitu genuen. Abandonatuta zegoen etxe bat zirudien. Bertan zegoen emakume batengana gerturatu eta mapak esaten zuen hostatua non zegoen galdetu genion. Aurrean ikusten genuen eraikin hura zela esan zigun, baina, duela 20 urte nekazari txuriak herrialdetik bota zituzten garaian birrindu egin zutela. Bertan bukatu genuen eguna, garai batean hotel izandako “gela” batean.

25. eguna: Gwanyi – Hwange (103km, +497m)

Azken egunetan ikusitako herri handienera iritsi ginen. Bi egunetan dutxa hartzeko aukerarik izan ez genuenez, egun honetarako nahi genuen bakarra, geure burua garbitzea zen. Polizia etxera aholku eske gerturatu eta kanpin moduko batera joatea gomendatu ziguten, bertan nahi genuena aurkitzeko aukera izango genuela azalduz.

Kanpinean, egongela moduko bat zegoen telebista txiki batekin. Jabeari asko gustatzen omen zitzaion espainiar futbol liga eta Alavesek Elxen aurka zuen partida jarri zuen telebistan. Minutu gutxiren bueltan Zimbabweko Hwange herrian, ikusi mendizaleak kantua entzuten ari ginen. Atsegina izan zen momentua. Askotan aipatu dugun moduan, ezinezkoa da eguna nola amaituko dugun jakitea!

26. eguna: Hwange – Victoria Falls (92km, +637m)

Aurreko gauean kanpineko jabeek Zimbabweko afari tradizional bat prestatu ziguten. Dena hain zegoen goxoa, Jonek bat ez, bost platerkada jan zituela!

Gaua tripari buelta eman ezinda eta itzarrik eman zuen. Hurrengo goizean gosaldu ere ez zuen egin. Parranda handi baten osteko ajearen moduko bat zuen. Victoria ur jauzietara iristeko gogo handia genuenez, bidea hartzea erabaki genuen.

Lorik egin gabe, gosaldu gabe, tripak nahastuta eta 40ºC-ko tenperaturarekin hasi zuen 90km-tako etapa. Imaginatzekoa den moduan hustuta iritsi zen. Arratsaldeko hiruretan lotara sartu eta hurrengo eguneko zazpiak aldera esnatu zen. Dirudienez egun bateko hibernazioa ondo etorri zitzaion energiak berreskuratzeko!

Ondoezak jota bagaude deskantsu hartzea hobea dela ikasi dugu gutxienez.

27. eguna: Victoria Falls (Ur jauzietara bisita)

Benetan berezia izan zen egun hau. Izugarri handiak dira Victoria ur jauziak. Bertan egon ondoren eta haietan pentsatzean zail egiten da ikusitakoaren tamaina buruan imaginatzea. Ez da harritzekoa munduko 7 mirari naturaletako bat izatea. 8 ordu pasatu genituen haiei begira, aspertu gabe. Gainera, koronabirusagatik ia turistarik ez dagoenez, miradore politenetan eseri eta bazkaltzeko aukera ere izan genuen. 

28. eguna: Victoria Falls (Deskantsua)

Zimbabwen uste baino zailagoa egin zaigu ur botilak erostea. Gainera beti 500ml-ko botilak saltzen dituzte eta horiek garestiak izaten dira normalean. Askoz errazagoa da Coca cola bat erostea.  

Kuriositate moduan, denda batean 10 botila erosteko bost dolar amerikar ordaindu genituen. Jarraian, ondoan zegoen jatetxe txiki batera joan eta pap, barazki eta oilaskoz osatutako plater handi batengatik dolar amerikar bat. Askotan bertako prezioek logikarik ez dutela iruditzen zaigu. 

29. eguna: Victoria Falls – Livingston (13km, +112m)

Pellok eguna okerreko hankarekin hasi zuen. Mobila erori eta pantaila zartatu, bizikletaz herritik buelta bat ematen ari ginela erori, parrilako barretako bat hautsi eta bizikletaren kuadroa zartatuta zegoela konturatu. Hau guztia goiz bakar batean!

Sakelakoak funtzionatzen du, erorikoak ez zion lesiorik eragin eta parrila eta koadroa goizean bertan ezagutu genuen soldeatzaile batek konpondu zizkigun. Jonen parrilari errebisatu genuen badaezpada ere eta zartatu txiki batzuk zituela ikusita, horren lotura puntu guztiak ere soldatu genituen badaezpada ere. Lan oso txukuna egin zuen gizonak egia esan!

Arratsaldean Zambiako muga pasa genuen. Espero zorte txar guzti hori Zimbabwen geratu izana. Hirugarren herrialdean sartu ginen jada!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!