Barrenetxeak Goikoetxearekin jokatuko du gaur Binakako Erremonte Txapelketaren aurreneko partidua

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 6a, 00:00

Oronan aurkeztu zen Binakako Txapelketa.

Bikotea osatzen dute aurrelari urnietarrak eta atzelari hernaniarrak, eta txapelketa nagusia gaur hasi eta abenduaren 29ra arte luzatuko da beste bost bikoterekin. Aurtengoan, Aritz Zubiri goizuetarrak ez du parte hartuko.

Binakako Erremonte Txapelketa Nagusia ostegunean aurkeztu zen Orona Ideon eta, aurten, pasa den urtean bezala, bost bikotek osatzen dute. Horien artean dago Endika Barrenetxea,  eta bikotea osatuko du Goikoetxea V.a. urnietarrarekin.

Beste lau bikoteak hauexek dira: Urriza-Labaka, Juanenea-Aizpuru III, Ansa II-Martirena eta Segurola-Larrañaga. Urrizak eta Labakak pasa den urteko txapela defendatuko dute.

Txapelketa gaur hasiko da eta abenduaren 29an amaituko da, finalarekin. Gaur estreinatuko dute txapelketa Goikoetxea V.ak eta Barrenetxea IV.ak, Juanenea-Aizpururen aurka. Hasieran,  denek denen arteko ligaxka jokatuko dute, eta lehendabiziko lau sailkatuak sartuko dira finalerdietara. Horrenbestez, bikote bat geratuko da kanpoan.

Ondoren, finalerdiak jokatuko dira abenduaren 24an, Eguberri egunean. Ligaxkako lehenengo sailkatua laugarrenaren aurka ariko da eta bigarren sailkatua, hirugarrenaren aurka.

Finalerdietako irabazleak finalera sailkatuko dira eta finala abenduaren 29an izango da Galarretan.

Guztira, hamahiru partidu izango dira hamaika jaialditan banatuta: ligaxkan hamar, finalerdietan bi eta finala. Ligaxka abenduaren 18an amaituko da eta puntuen arabera egingo da sailkapena.

Urrian jokatutakoan kalean gelditu ondoren, aurten,  Zubiri goizuetarra ez da txapelketan ariko. Bestalde, Azpeitian irabazi eta buruz burukoan txapela lortu eta gero, Barrenetxeak azpimarratu zuen denboraldiko hirugarrena nahi duela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!