Traje dotoreenak soinean, 'Belarri Bero, bai esan?' websaila ikusteko prest herritarrak, gaur

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 6a, 00:00

Lantalde artistikoa: ezkerretik hasita; Nerea Arriola, Olaia Gil, Olatz Beobide eta Dorleta Urretabizkaia.

Eguerdiko 12:00etan emango zaio hasiera proiekzioari, Biterin. Bertaratzen direnek 'Belarri Bero, bai esan?' websaila formatu jarraian ikusteko aukera izango dute. Azaroaren 13an, beste proiekzio bat eskainiko dute «gaurkoan etortzerik izan ez duten horientzat».

Dotore jantziko da Hernani gaurkoan, izan ere, Belarri Bero, bai esan? websailaren aurkezpen haundia ospatuko dute  Zehar Kablea sormen taldeko kideek.  Eguerdiko 12:00etan emango zaio hasiera galari eta Biterin izango da. Guztira, sei atalez osatutako websaila  da  gaur aurkeztuko dena. Atal bakoitzak 15 bat minutu irauten ditu eta 2022 erdialdera online plataformetan egongo da ikusgai, nahi duen ororentzat. Hala ere, egutegietan gorriz biribildu dute askok gaurko eguna, aipatu moduan, galaz jantziko  direlako herritar asko Belarri Bero, bai esan? websailaren aurkezpenera bertaratu eta gozatzeko.

Zehar Kablea sormen taldea, 2018an sortu zuten herriko hiru lagunek: Uxue Bereziartua, Uxue Amonarriz eta Aitor  Altuna. Hernaniarrek websail bat egiteko ideiarekin ekin zioten bideari, eta halako batean, Hernaniko Udalaren 2019ko Sormen Beka eskuratu zuten proiektua garatzeko: «honela, gure lehenengo proiektua izango zena egiten hasi ginen eta bidean batu zaizkigun horiekin guztiekin batera gauzatu dugu Belarri Bero, bai esan? websaila».

Telefono linea erotiko batean gertatzen da istorioa, eta lau pertsonaia dira nagusi: Axun, enpresaren jabea eta nagusia; Ines, arte dramatikoa ikasi duen arren, beste lanik lortu ez eta bertan lanean dabilen langile beteranoena; Garazi, bestelako lan batzuekin batera bere morala ateratzen duen langilea; eta, azkenik; Eider, medikuntzako ikasketak egiten ari den bitartean linea erotikoan lanean ari den ikasle aplikatu eta lotsatia.

Emakumezkoak dira websaileko pertsonaiak, adin zein profil ezberdinekoak, eta «bakoitza bere poz eta minekin bizi da».

 

Telefono linea erotikoa

Belarri Bero izeneko telefono linea erotikoak diru arazoak ditu. Axunek (nagusiak) ixilpean darama, eta Ines, Garazi eta Eider langileek ez dakite ezer. Hala ere, Axunek, lehenago edo beranduago, errealitatearen berri eman beharko du, baina nola?

Sei kapituluz osatutako websaila da Belarri Bero, bai esan? Bertan, lau protagonistek egunerokoan dituzten bizipenek egituratzen dute trama nagusia: «hauek aitzakia izango dira sexualitatea erdigunean jarri eta umoretik lantzeko».

Zehar Kableak hainbat helburu eta asmo tarteko sortu du Belarri Bero, bai esan? websaila: Alde batetik, gazteei begirako ikus-entzunezko bat sortzeko asmotan. Horrez gain, sexualitateen gaia ikuspuntu feminista batetik mahai gainean jarri, eta hau lantzeko oinarri eta aitzakiak emateko. Bestalde, euskerazko umoregintzari bestelako ekarpen bat egiteko. Eta azkenik, sorkuntza prozesua hainbat eragileren eta pertsonaren partehartzearen bidez egituratzeko. 

 

Ikusten ez den lana eta
lantaldea

Lantalde indartsua sortu du Zehar Kableak Belarri Bero, bai esan? websaila sortzeko. Lantalde artistikoari dagokionez, lau izango dira protagonistak, hala nola, Nerea Arriola, Olaia Gil, Olatz Beobide eta Dorleta Urretabizkaia.

Lantalde teknikoan, aldiz, zuzendari gidoilari eta proiekzio lanetan hiru hernaniarrek jardun dute buru-belarri, hain justu, Zehar Kablea osatzen dutenek: Uxue Bereziartuak, Uxue Amonarrizek eta Aitor Altunak. Argazki zuzendari gisa Uxue Bereziartua aritu da; soinu zuzendari moduan, Uxue Amonarriz; eta, aktore zuzendari lanetan, Aitor Altuna hernaniarrak jardun du.  Irudian, Iratxe Etxeandia eta Uxue Bereziartuak egin dute lan. Argiarekin Anne Altuna aritu da. Audioaren erantzukizuna Jon Garcia eta Miren Bereziartuak eduki dute eta, azkenik, makilajea eta ile apainketaren arduraduna Joane Iradi izan da.

Musikak badu bere pisua Belarri Bero, bai esan? websailean, eta badaude hernaniar musikariak tartean. Konposizioa, Peru Altube eta Xabi Agirrezabalak egin dute. Grabaketaz, berriz, Aieko Estudioa arduratu da; bertako Peio Gorrotxategi, hain zuzen ere. Honakoak izan dira gainontzeko instrumentu eta musikariak: bateria, Peru Altube; baxua, Mikel Dorronsoro; gitarra, Xabi Agirrezabala; saxofoia, Mikel Berrondo; eta, biolina, Aitor Huizi.

 

Photocalla eta alfonbra gorria, gaur

Armairuko traje dotoreak jantzi eta kalera aterako dira Zehar Klabea taldeko kideak gaurkoan, herritarrekin batera. Behin Biterira sartuta, alfonbra gorritik igarotzeko aukera izango  du bertaratzen den orok. Horrez gain, herritarrek eramango dituzten lookak, izoztuta geldituko dira Biterin jarriko den photocallarekin.

Gaurko ekitaldi haundi honetara bertaratzeko aukerarik ez dutenentzat, datorren larunbaterako ere hitzordua jarri dute Zehar Kableko kideek, «nahi dugu denek gozatzea proiekzioaz, beraz datorren asteburuan ere, websaila proiektatuko dugu, herritar guztiei aukera emanez».

Hori horrela, azaroaren 13an, Belarri Bero, bai esan? websaila ikusteko aukera ere eskainiko da eguerdiko 12:00etan hasita, Biterin: «pentsatu dugu beste aurkezpen bat egitea bi arrazoirengatik, nagusiki: gaur etorri ezin duten horientzat eta galaz jantzi nahi ez duten horiengatik. Izan ere, azaroaren 13ko aurkezpena ez da galaz izango, proiekzio soila izango da. Beraz, gonbidatuta zaudete!». Gonbidapenak eskuragai jarriko dituzte Biterin, datorren astelehenetik aurrera.

Horrez gain, bi ekitaldi horietara bertaratu ezin dutenek, 2022 erdialdera, Belarri Bero, bai esan? websaila online ikusteko aukera izango dute, eta horri buruzko informazio guztia sare sozial bidez helaraziko dute aurrerago.

Azkenik, Zehar Kableak eskerrak eman dizkie proiektuan parte hartu duten guztiei eta baita herritarrei ere, izan duten inplikazioagatik. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!