Euriagatik atzeratutako Tilos 7 Pasa txapelketako finalak, gaurkoan

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 6a, 00:00

Goizeko 11:00etan hasiko dira Tilos 7 Pasa txapelketako finalak, eta eguerdiko 13:45etan izango da sari banaketa.

Euriaren ondorioz, atzeratu egin zen urriaren 30ean jokatzekoa zen Tilos 7 Pasa txapelketako finala. Pasa den larunbatean, antolatzaileak zain egon ziren eguraldiak aguantatuko zuenaren itxaropenarekin, baina euria hasi zuen aurreneko finala hasi baino minutu batzuk lehenago.

Hori kontutan izanik, antolatzaileek finalak astebete atzeratzea erabaki zuten, eta, beraz, gaur jokatuko dira.

Hasteko, lehenengo mailakoek jokatuko dute 11:00ak  aldera. Albisuk eta Erburuk indarrak neurtuko dituzte Zabalaren eta San Miguelen aurka. Jarraian, 12:00ak aldera, nesken norgehiagoka jokatuko da: Urienek eta Ansotegik aurkari izango dituzte Mazizior eta Kerejeta.

Eguerdian, 13:00ak aldera,  txapelketa herrikoiko finala jokatuko dute, eta protagonista izango dira honako bikote hauek: Joanex eta Larburu; eta Polaina eta Arregi. Final guztiak amaitu ostean, sari banaketa egingo da eguerdiko 13:45ak aldera, frontoian bertan.

 

Pala partiduak, frontoian

Gaur goizean, bi partidu jokatuko dira Hernaniko frontoian. 11:30etan hasiko da bigarren mailako infantilen partidua, eta protagonista izango da Amets Galatas, Orio aurkari izanda. Jarraian, lehenengo mailako neska nagusiek jokatuko dute, Su Berriren aurka. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!