'Belarri Bero, bai esan?' websailaren aurkezpen gala, bihar Biterin

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 5a, 00:00

Uxue Amonarriz, Uxue Bereziartua eta Aitor Altuna ezkerrean.

Bertan, 12:00etan, websaila formatu jarraituan ikusiko da eta 2022 erdialdera online plataformetan ikusteko aukera egongo da.

Belarri Bero, bai esan? websailaren aurkezpen gala egingo dute bihar, larunbatean, Hernaniko Biteri Kultur Etxean. Eguerdiko 12:00etan hasiko da proiekzioa, eta bertan websaila formatu jarraituan ikusiko da (1:40 ordu guztira). 


Hernaniko Udalak 2019an emandako Kultur Sorkuntzarako beka dela eta Aitor Altunak, Uxue Amonarrizek eta Uxue Bereziartuak, Zehar Kablea sormen taldeko kideak, martxan jarritako proiektua da Belarri Bero, eta azken ikasturte hauetan ontzen jardun duten lana laster kaleratuko dute. 


Belarri Bero, bai esan? sei atalez osatutako websail bat da. Atal bakoitzak 15 bat minutu irauten ditu, eta 2022 erdialdera online plataformetan ikusteko aukera egongo  da. 


Belarri Bero telefono linea erotikoak diru arazoak ditu. Axun (Olatz Beobide), negozioaren nagusiak, isilpean darama afera, eta ez die ezer esan nahi Ines (Dorleta Urretabizkaia), Garazi (Olaia Gil) eta Eider (Nerea Arriola) langileei. Hala ere, lehenago edo beranduago, mahaiaren bueltan bildu eta aurre egin beharko diote errealitateari. Klikatu hemen trailerra ikusteko. https://www.youtube.com/watch?v=LGi4G6HsZ_U. 


Ikus-entzunezkoaren aurkezpenerako, bi egun jarri dituzte: bihar eta 13a. 12:00etan jarri dute hitzordua, eta, saio horietarako ere eskuragai daude paseak. Biterin eskura daitezke hilaren 16ko aurkezpenekoak; baina, azaroaren 6an joan nahi dutenek, zeharkablea@gmail.com helbidera idatzi beharko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!